Gasteizko Jazzaldiak azkenaldian jazzera hain ohituta ez dauden belarrietara zuzendutako emanaldiak antolatzen ditu, eta aurten Kase.O raperoa izango da haientzat pizgarria. Jazz soinuekin apaindutako hip hopa da berak eskainiko duena. Arrakasta komertziala ziurtatuta dago, eta pasatzen den lekutik pasatzen dela, sarrerak agortzen ditu.
Kase.O (Javier Ibarra) Zaragozako Jota auzoan jaio zen 1980an. Gaztaroan Public Enemy eta NWA bezalako talde afroamerikarren musikak bultzatu zuen hip hop giroan murgiltzera. Hala, 1995ean, Sho-Hay, Lírico eta R de Rumbarekin batera, Violadores del Verso sortu zuen, gaztelaniazko rap aldarrikatzailearen erreferentziazko banda, nazioartean ere oihartzuna izan zuena. Egun taldekideak euren proiektu partikularretan lanpetuta egon arren, argi utzi dute Violadores del Verso noizbait bere diskorik onena sortzeko itzuliko dela, nolabait taldea ez dela desegingo berretsiz.
2011. urtean, Aragoiko raperoak Kase.O Jazz Magnetism diskoa argitaratu zuen. Sortutako abesti berriez gain, bere arrakasta ezagunenen jazz bertsioekin osatu zuen diskoa, ohiko klub txikietako jam sessiom-etan laguntzen dion bandaz lagunduta.
Izan ere, jazzak eta hip hopak urrunekoak diruditen arren, topagune nabarmenak dituzten bi musika genero dira, hala nola sortu zireneko testuinguru soziala eta inprobisazioa. Ohikoa da, baita ere, hip hop ekoizpenetan jazzetik hartutako samplerren erabilera.
2016an, Círculo, bere bakarkako diskorik arrakastatsuena argitaratu zuen. Raperoak Kolonbian egin zuen lau urteko egonalditik jaiotako 17 abestiz osatutako disko kontzeptuala, bidaia introspektiboa proposatzen duen lana. Basureta (Tiempos raros) abestian, esaterako, jasandako depresioaz mintzatzen da.
LP berriaren zain eta Jazz Magnetism-en 10. urteurreneko biraren barruan, datorren igandean, hilaren 17an, rapero mihiluzeak Mendizorrotzean lur hartuko du Gasteizko Jazzaldiaren 45. edizioari amaiera emateko.