Edozeinekin jotzen ikusi dudan bakoitzean aho zabalik utzi nau Felix Buff bateria jotzaileak. Atom Rhumba superbandarentzat, Rafael Berrio maisuarentzat ala Willis Drummond talde kementsuarentzat izan, gorputz eta arima entregatzen da, eta hala imajinatzen dut inoiz ikusi ez ditudan Petit Fantôme edo Botibol bandentzat erritmoa markatzen.
Buffen ama zuberotarra da; aita, berriz, alemaniarra. Bera Landetan jaio eta hazi zen, baina bada hamarkada bat Berako Peña Borda baserria bizileku aukeratu zuela. Han, natura eta kultura uztartzen dituen oasia topatu du. Izan ere, basoz inguratuta egoteaz gain, Bera da Euskal Herriko musikari onenetako batzuen jaioterria: Petti, Joseba Irazoki, Joseba Baleztena, Borrokan…
Batzuentzat konfinamendua lanerako oztopo handia izan bazen, Buffek aurrera egiteko aukeratzat hartu zuen. Aitzakia ezin hobea eskaini zion furgoneta eta bira bukaezinak aparkatzeko. Arreta jarri ahal izan zion buruan zebilkionari, eta gainerako bandetan jotzen ziren estiloekin bat ez zetozen zenbait konposiziori itxura eman zien. Horrek bakarkako proiektu bati ekitera bultzatu zuen, eszenatokiko atzealdetik fronteraino jauzi egitera behartzen zuena. Musika konposatzeaz gain, Buffek erronka berriari aurre egin behar zion: ahotsa eta gitarra. Proiektu hari Rüdiger deituko zion, bere nortasun agirian agertzen den bigarren izena.
Beldurrak gaindituta, Felix bere etxeko garajean giltzapetu zen, Before vanished (desagertu aurretik) diskoa osatzen duten zortzi abestiei bizia eman arte. Anaia, Johannes Buff, Shorebreaker estudioetako ekoizle aditua, diskoa borobiltzeaz arduratu zen, eta, azkenik, Sarako Usopop jaialdiko jendeak duen disketxeak hartu zuen diskoa argitaratzeko ardura.
Emaitza pop psikodelikoa darion goi mailako artelana da, kritikaren laudorioak besterik jaso ez dituen diskotzarra. Oinarri klasikoetatik abiatuta musika garaikidea eraiki izan balu bezala: batzuetan Pink Floyden zeharkako teklatuak, besteetan The Beatlesen ahots jokoak gogora ekar ditzakeena...
Dagoeneko Rüdigerren bigarren estudioko lana prestatzen dabilela, bigarrenez Gasteizen ikusteko parada dugu. Ekainaren 9an, etxeko Duluth taldea eta Rüdiger banda formatuan (Joseba Irazoki tarteko) arituko dira Jimmy Jazzen. Aukera ezinhobea Free ala Did you ask for this? abesti puxkekin gozatzeko.