Neil Young, 76 urterekin, albisteak sortzeko makina bat da oraindik. Musikari kanadiar erostezina egunotan prentsan agertu da, bai bere konpromiso sozialari atxikia, txertoen aurkako edukien kontura streaming musikaleko plataforma indartsuenaren aurka borrokan, baina baita bere alderdi artistikoagatik ere, Barn izeneko diskoa grabatu berri baitu Crazy Horse lagunekin batera. Barnen sortze-prozesuari buruzko dokumentala ere aurten estreinatu da, Daryl Hannah egungo bikotekideak zuzendua.
Gaur, berriz, Harvest (Uzta) izango da protagonista, Neil Youngen disko mitikoak 50 urte bete baitzituen otsailaren 25ean. Reprise Records disketxeak argitaratutako LPa AEBetan gehien saldutako diskoa izan zen 1972an, Aretha Franklinen Gifted and black, David Bowieren Ziggy Stardust edo Lou Reeden Transformer bezalako maisulanen aurretik. 2007an, berriz, Kanadako diskorik onena bezala izendatu zuen The top 100 canadian albums liburuak.
70eko hamarkada hasieran, Young diruz jositako gazte tximaluzea zen. Izan ere, Buffalo Springfield taldearen sorrerak, Crosby, Stills & Nash bandan parte hartzeak eta bere bakarkako lehen hiru diskoen arrakastak irabazi milioidunak ekarri zizkion. Hala, 350.000 dolarren truke Kalifornian arrantxo bat erosteko ametsa bete zuen. Han, bere bikote berri Carrie Snodgress aktorearekin eta Zeke garun paralisiarekin jaiotako semearekin biziko zen. Maitemin testuinguru horretan, hain zuzen, eratu zuen Heart of gold, Harvest laneko, eta, agian, Torontokoaren karrera osoko abestirik enblematikoena.
Diskoaren grabazioa korapilatsua izan zen, ia 71. urte osoa iraun zuen, neurri handi batean baserrian ohol bat mugitzen ari zela sortutako disko-hernia baten ondorioz. Ezustekoz beteriko prozesua izan zen; horrek loturarik gabeko estiloen batuketa oparitu zion diskoari, nolabait ustekabeko freskotasun eta naturaltasun sentsazioa eraginez. Grabazioak lau lekutan egin ziren: Nashvillen, Kaliforniako arrantxoan, Londresen eta Los Angelesen.
Johnny Cashek Young Nashvilleko bere telebista saioan grabatzera gonbidatu zuenean hasi zen dena. Youngek burua kantu berriez beteta bidaiatu zuen, eta Elliot Mazer ekoizlearekin afaldu ostean, zain egon gabe, bertako hainbat musikari kontratatzeko eta grabatzen hasteko konbentzitu zuen.
Inprobisatutako talde hark The Stray Gators izena hartuko zuen; Ben Keith (pedal steel gitarra), Kenny Buttrey (bateria), Tim Drummond (baxua) eta Jack Nietzsche (pianoa eta slide-gitarra). Gau hartan bertan Heart of gold eta Harvest abesti famatuenen oinarrizko pistak grabatu zituzten, baita Old man ere, arrantxo erosi berriaren jabeari eskainitako kantu ederra; honetan, Cashen saioan ere parte hartu zutela aprobetxatuta, Linda Ronstadt eta James Taylor musikariak koru lanetan jarri zituen, eta azken hau, gainera, lehenengoz banjoarekin ere ausartu zen.
Ondoren, diskoko abestirik rockeroenak arrantxoan grabatu ziren. Stray Gators bandak aletegian jotzen zuen bitartean, Crosby, Stills eta Nashek, aldi berean, sukaldean jotzen zuten. Lortutako emaitza originala Are you ready for the country, Words edo Alabama abestietan dasta daiteke. Azkena, Alabamako Estatuko balio ultrakontserbadoreen aurkako alegatua izanik, Lynyrd Skynyrd bandak, haserre, eta Youngi erantzuna emate aldera, Sweet home Alabama ereserkia konposatu zuen.
A man needs a maid eta There is a world dira Londresen Orkestra Sinfonikoaren laguntzaz erregistratutako albumeko bi abestiak, pelikula bateko soinu-bandaren parte izan zitezkeen bi kantu eder.
The needle and the damage done (Orratza eta egindako kaltea), Harvesten sartutako beste abesti arrakastatsu bat, Los Angelesko unibertsitateko Royce Hall auditorioan zuzenean grabatu zuen. Bertan Youngek esplizituki aipatzen du garai hartako gaitz bat, heroina; ordurako Danny Whittenek, Crazy Horse bandako gitarrajotzaile lagunminak, adikzio arazoak zituen. 72ko azaroan, valium eta alkohol gaindosiak jota hil zen Whitten.
Aukeratutako hamar abestien baturak malenkonia isurtzen duen disko zirraragarria bilakatzen du Harvest. Landa giroko folk gitarrek, beste batzuetan pianoak ala orkesta apainketek lasaigarri sentsazioa eragiten diote entzuleari. Nolanahi ere, Harvest dagoeneko mende erdia bete duen artelan itzela da, XX. mendeko musikaren historiaren parte izango dena; azken finean, ezagutzen ez duzuenontzat nahitaezko zeregina da entzutea.