Etienne Mbappe

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2022ko urt. 23a, 10:00

Asteartean izango da Gasteizen Etienne Mbappe. / E.M

"Trebetasun izugarriari esker, izar zerrenda luze batekin lan egin ahal izan du"

Jazz hiria al da Gasteiz? Gasteizek 1977. urteaz geroztik Europako jazz jaialdi ospetsuenetako bat izateko zortea du. Horrek soilik, ordea, ez du Gasteiz jazz hiriburu bihurtzen. Jazz hiri bat ezin da mugatu nazioarteko izar garrantzitsuenak bisitatzen gaituzten urtean astebetera. Zer gertatzen da urteko gainerako egunetan? Non trebatzen dira gure musikariak? Non jo dezakete? Gasteiz jazz-hiria bada, zalantza horiei guztiei irtenbide ematen dioten ekimenei esker da. Hortaz, goraipatzekoa da musika eskolak ez ezik, Dazz taberna edo Jazz Uhinak Hirian Barrena bezalako proiektuen lana, non urteko edozein hilabetetan kanpoko zein bertako musikariak topa ditzakegun.

Gaurkoan, hain zuzen ere, Joseba Cabezasek zuzentzen duen zikloak iragarri duen izen handiko artista bat gomendatuko dizuet: Etienne Mbappe. Jazz Uhinak zikloak zortzi emanaldi programatu ditu XVI. edizio honetarako. Urtarrilaren 25ean, datorren asteartean, Kamerungo baxu-jotzailea da Jesus Guridi Kontserbatorioko oholtzara igoko dena Nicolas Viccaro baterian eta Christophe Cravero biolin eta pianoan lagun dituela.

Mbappe 1964. urtean Kamerunen jaiotako eta 16 urte zituenetik Frantzian bizi den munduko baxu-jotzaile onenetakoa da. Bere trebetasun eta teknika izugarriari esker, profesioko izarren zerrenda luze batekin lan egin ahal izan du. Horien artean, Manu Dibango eta Salif Keita afrikar musikari ospetsuekin, Santana rockeroa, Joe Zawinul edo Bill Evans saxofonista bezalako jazz maisuekin, eta baita Ray Charles mitoarekin ere. Gaur egun, John McLaughlin gitarra-jotzailea buru duen 4th Dimension bandako kidea ere bada.

NEC+ hirukoarekin Time will tell argitaratu berri duela iritsiko da Gasteiza hurrengo astean. Diskoa osatzen duten hamar konposizio originalak pandemiaren ziurgabetasun handieneko hilabeteetan grabatu zituzten, hortik "denborak esango du" izenburua. Jazz diskoa da, bizia, positiboa, batez ere instrumentala, Mbappek ibilbide musikalean zehar jasotako eragin ezberdinez apainduta dagoena: Funk koloretsuaz, ekarpen latinoez eta sarritan Afrikak isurtzen duen berotasunaz blaitua, izan ere, hiru pieza doualeraz, bere jatorrizko hizkuntzan, abesturik daude. Oroimenerako eta aldarrikapenerako lekua ere badago. Diskoa Habib Faye baxu-jotzaile senegaldarra gogoratuz Samaah Xarit temarekin hasten da; Dark Floyd konposizioarekin, berriz, George Floyd afroamerikarraren erailketa salatzen da.

Hau jakinda, ez galdu datorren astearteko kontzertua. Sinets iezadazue ez duzuela inoiz ahaztuko kamerundarraren eskularruz jantzitako atzamarrek nola laztantzen dituzten baxu elektrikoaren bost sokak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago