Punk jarrera eta mezu errebeldea duten bi bandak, beren belaunaldikoen artean eragin nabarmena dutenak, joko dute Gasteizen asteburu honetan: La Polla eta Chill Mafia. Musika eskaintza zabal baten artean, ordea, nik izaera handiko beste talde bat proposatu nahi dizuet. Izan ere, Aitzina Folk festibalak ekarrita, El Naán taldea Hegoalde gizarte etxeko oholtzara igoko da abenduaren 18an, larunbat honetan.
El Naánen musikak ez du punkarekin zerikusirik, bai ordea bizitzarekiko duen jarrerak. Zabaltzen duten mezutik haratago, beraiek, koherentziaz, hirietako bizi-erritmotik ihes egin zuten, kolektibitatetik eta elikadura zein energia subiranotasunaren bilaketatik, Palentziako Tabanera de Cerrato herrixkan landa-bizitza proiektu bati ekiteko. Ba al dago zerbait punk eta errebeldeagorik?
Aurten arte, su motelean kozinatutako hiru disko argitaratu dituzte, Gaztelako eta oro har Iberiar Penintsulako tradizioaren erro etnikoa aztertu duten lanekin. La danza de las semillas izenburukoa, esaterako, Transglobal World Music Chart adituen sareak erritmo etnikoetan Europako disko onena izendatu zuen 2018. urtean.
Orain, laugarren lan batekin bueltan dira, aurreko diskoaren izenburuari jarraipena emanez eta talde-giroan jaiotako haurtxoei keinua eginez, Germinal deitu duten lanarekin. Honen hamahiru pistek Iberiako musiken ezpurutasuna agerian uzten dute, penintsula igaro duten beste kulturen eraginak oso argi nabarmenduz, soinu sefardiak eta Amerikatik joan eta etorritako erritmoak kasu. Lengua negra, Juan Perrok abesten duen kubatar kutsuko kantua, esaterako, horren adibide garbia da.
El Naán taldeak ez du ohiko musika tradizionala egiten; XXI. mendeko musika egiten du, kantu berriak sortzen ditu. Tradizio biziaren parte izan nahi dute, ez dute oinordetzan jasotakoa hartu eta gauza bera transmititu nahi. Iberiako nekazal kulturarekin zerikusia duten musikei ekarpena egiten die El Naán-ek, horrek noizbait ortodoxo zorrotzenen kritika ekarri badie ere.
Abestien hitzak, gaurkotasunez beteak, Hector Castrillejo idazle eta poetak idatziak dira nagusiki, eta musika, hein handi batean, Carlos Herrerok konposatu du, Errenazimentuko artistatzat jo dezakeguna; abesteaz gain, Gaztelakoak ez ezik, mundu osokoak diren instrumentu tradizional ugari jotzeko gai da Herrero. Denera, zazpi lagun dira poz-pozik Gasteiza hurbilduko direnak, izan ere, diotenez, inbidia sortzen die Euskal Herrian gure folklorea harrotasunez nola babesten dugun, Gaztelako musika tradizionalari oraindik "klase gutxiko" musikaren etiketa gainetik kentzea izugarri kostatzen ari zaion bitartean. Pixkanaka, flamenkoak lortu bezala, badirudi gure artean jotzeko aukerak heltzen ari zaizkiela.
Zuek ez galdu larunbateko aukera.