Audience

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2021ko urr. 21a, 12:59

Ostiralean izango da Audience Gasteizko Jimmy Jazzen. / Audience

"Betiko legez, tartea gorde diote lan berrian berrikuntza eta arriskuari"

Hogei urte baino gehiago dira Gernika-Lumoko gazte batzuk beren adierazkortasun musikalari hauspoa emateko asmoarekin elkartu zirenetik. Harrezkero, inolako beldurrik gabe eta cowboy kapela jantzi beharrik gabe, Amerikako hainbat musika-estilotan zamalkatu dira mendebalde urruneko soinuak Urdaibaira hurbiltzeko.

Hasierak rock and rollean eta post-rockean eman bazituzten, proposamen konplexuagoetarantz eboluzionatu dute diskoz disko. Kalitate aparta eskaintzea ez ezik, haien beste arrakastetako bat merkatu musikalera artelan oso originalak ekartzea izan da. Horren adierazle dira label euskalduna duten bi dokumentali jarritako soinu-bandak, batean Nevadako euskal artzainen jarduera girotu bazuten (Amerikanuak, 2010), bestean dolar usainaren atzetik Miami eta Filipinetako frontoietara alde egindakoen ibilera musikatu zuten (Jai Alai Blues, 2016). 2017ko Isla, berriz, Kuba garaikideko lehen lerroko musikariz inguratuta, Habanan, Silvio Rodriguezek sortutako Abdala estudioetan izan zen grabatua.

Aurten aldiz, streaming-ak diskoen salmenta zeharo murriztu duen garai honetan, Audience, lege komertzial orori aurre eginez, Tolesdurak izeneko disko bikoitz batekin berrasmatu da, 2009. urtetik egin bezala, Bidehuts zigilu berezipean; bi diskotan banaturik dago, eta, soinu-aniztasuna gorabehera, guztia leitmotiv estilistiko batek lotzen du, folk-rock amerikanak alegia. Lehenengo zatia, tlsdrk kontsonanteekin izendatua, 2019an, pandemia aurretik grabatu zuten, kanturik rockero eta gordinenekin, nolabait taldeak bere ibilbidean zehar grabatutakoarekin bat datozenak. Aipagarria da Trinketen beste bat kantua, dagoeneko itxita dagoen Trinkete Antitxokoa areto gernikarrari egindako omenaldia. Bigarren diskoa, oeua bokalekin izendatu dutena, behin pandemian murgilduta geundeneko abestiez osaturik dago. Garai goibelean sortu bazuten ere, bertako zortzi temak distiratsuagoak dira, koloretsuagoak, estilistikoki sorpresa handiena eskainiko diguten zatia. Izan ere, betiko legez, tartea gorde diote berrikuntza eta arriskuari. Oeua-n agertzen da Mendaro fiddler, Joseba Olazabal A-8 autopistako biolin jotzaile aldarrikatzaileari eginiko gorazarre erritmikoa edota Hatz markak leihoan, ume-koruak eta saxoa tarteko, Ruben Garatearen teklatuek paisaia latinoetara garraiatuko gaituen kanta.

Azken finean, inolako zalantzarik gabe, Gaizka eta Ager Insunza anaiek gidatzen duten proiektuak beste behin asmatu duela baieztatu dezakegu. Azaldutakoaren lekuko izan nahi duenak aste honetan bertan zuzenean ikusteko parada izango du Gasteizen. Urriaren 22an, ostirala, Audiencek Tolesdurak Jimmy Jazz aretoan aurkeztuko baitizkigu, orain gainera, murrizketarik gabe, zuzeneko plazer zaharrekin berriz topo egiteko aukerarekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago