The Jayhawks

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2021ko uzt. 16a, 10:00

The Jayhawks

"Grunge-ari kontrajarrita, Jayhawks landa soinu fresko bezala definitu zuten"

Americana AEBetako musika tradizionalean oinarritutako genero musikala da, folketik, rocketik eta countrytik hartutako elementuak uztartzen dituena. Americana hitza aipatzean Gram Parsons, Lucinda Williams edo Neil Young bezalako izen ospetsuak datozkigu burura, baina baita inguruko rock jaialdietan ohikoagoak diren bandak ere, Wilco, My Morning Jacket edo The Jayhawks; azkena da, hain zuzen, gaurko protagonista.

The Jayhawks 1985ean Minneapolisen sortutako taldea da. Bi musikariren gidaritzapean hasi zen; Mark Olson, 95ean taldea lagunkiro utzi zuena eta Gary Louris, gaur arte bandaren ardura handiena eraman duena. Biak ziren abesti gehienak konposatzen zituztenak. 91n, hasierako bi diskoak grabatu ostean, ezusteko bati esker hasi zen bandaren susperraldia. George Drakoulias musika-ekoizle ospetsuaren eta Twin/Tone Records diskoetxeko arduradunaren arteko telefono elkarrizketa batean, lehena atzetik entzuten zuen soinuarekin maitemindu zen; Minnesotakoen Blue Earth (1989) bigarren diskoaren akordeak ziren. Bat-bateko maitemintze hark eraginda hasi zen Drakoulias eta The Jayhawksen arteko lan-harremana. Elkarlanak laster emango zituen fruituak, garai hartan grabatu baitziren bere bi disko txalotuenak, Hollywood town hall (1992) eta Tomorrow the green grass (1995). Hainbat ahotsetan abestutako doinuz eta gitarra akorde ederrez markatutako diskoak, garai hartako musika eszenan nagusi zen grunge-ari kontrajarrita, Jayhawks soinua landa soinu fresko bezala definitu zutenak.

Orduan, gorakada betean murgilduta, Olsonek taldea utzi zuen bakarkako ibilbideari ekiteko, Lourisek lidergoa hartuta. Hurrengo bi hamarkada eta erdietan, 2004-2009ko etenaldian izan ezik, Smile (2000) edo Rainy day music (2003) bezalako disko preziatuak argitaratzen jarraitu izan dute, rock eta popeko eraginak gehituta, erregistro estilistikoa handituz.

2020. urtean, pandemia garaian, XOXO izeneko diskoa kaleratu dute. Horretarako, Lourisek atzerapausoa eman behar izan du konposizio funtzioak taldekideen esku utziz, izan ere, Jump for joy bakarkako diskoa duela gutxi argitaratu du, eta ez zuen albuma osatzeko adina abesti berri.

Hala, Marc Perlman baxu-jotzailearen, Karen Grotberg teklatu-jotzailearen, Tim O'Reagan bateria-jotzailearen eta Louris beraren artean sinatu dituzte azkeneko diskoak dituen hamabi abestien egiletzak. Hamabi hauek eta bandaren beste klasikoz osaturiko errepertorioa izango da, uztailaren 18an, igande honetan, Gasteizko Iradier Arenan defendatuko dutena. Pandemia aurretik ez dute zuzenean jo, baina hori ez da eragozpena izango musika eta zuzenekoa odolean daramaten musikarientzat, ea aretoko muga akustikoak ere americana jaialdia errespetatzen duen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago