Egun, oraindik ere, LGTBIQ+ kolektiboak egunero jasaten ditu egoera deseroso, biolento eta salagarriak, zoritxarrez, eta hori salatzeko egun berezi bat ospatu behar ez izatea urrun dirudi oraindik. Maiatzaren 17an ospatuko den Nazioarteko LGTBIQfobiaren Aurkako Egunaren testuinguruan hainbat ekintza prestatuko dituzte, eta, horien artean, maiatzaren 15ean, larunbatean, Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak Principal Antzokian ikuskizuna antolatu du: Rodrigo Cuevasen kontzertua.
Rodrigo Cuevas (Oviedo, 1985) Bartzelonako ESMUC eskolan goi mailako musika ikasketak amaitu zituen artista da. Bere nortasun geldiezinak paraleloki kabaretaz, zirkuaz eta munduko soinu ezberdinez interesatzera eraman zuen. Behin Bartzelona atzean utzita, eta agian hainbeste miresten dituen Mercedes Peonen edo Coetusen aurreko esperientziek erakarrita, Galiziako herrixka ezkutu batera ihes egin zuen bizitzera. Han, abereez eta isiltasunez inguratuta, artistikoki interesatzen zitzaion guztia zuen eskura: pandereteiren jakituria musikala, dantza tradizionalak, egiazko istorio zaharrak... Bartzelonan jasotako ezagutza modernoekin, landa-giroan ikasitakoarekin eta bizitzak inposatutako aldarrikapen jarrerarekin baditugu Cuevasen proposamen musikalaren osagaiak. Hala, Yo soy la maga (2012) eta Prince of Verdiciu (2016) proposamenak plazaz plaza defendatuta denbora gutxian lortu zuen ospea bere bihotzeko Asturiasen.
2019an, Cuevasek kalitateari dagokionez jauzi handia eman zuen Manual de Cortejo lehendabiziko LParekin. Meritua, neurri handi batean, Raül Refree musika ekoizlearen parte-hartzeari zor dio. Izan ere, Kataluniakoak Cuevasen ordura arteko grabazioen gehiegizko disko-soinuak produkzio sotilago eta neurtuago bati bide eman zion, zaila den zerbait lortuz gainera, publikoaren eta kritikaren Abereez inguratuta, Galiziako herrixka batera ihes egin zuen Bartzelonatik. rodrigo cuevas Rodrigo Cuevas igor muñoz musikazalea musika arteko adostasuna. Hamabost abestiz osaturiko bilduma da, gehienak Asturias eta Galiziako ahozko transmisiotik jasotakoak, baina egungo baliabideekin interpretatu direnak; arbasoek erabiltzen zituzten larruzko panderoak, lapikoak eta koilarak erabili beharrean, sintetizadoreak, samplerak eta ahots-pedalak erabili dira. Bi abesti azpimarratzearren, El día que nací yo kopla modernoa eta Rambalín hunkigarria nabarmenduko nituzke; Rambal omentzen du azken honetan, 1976an Gijongo langile-auzo batean hil zuten trabestia.
Datorren larunbatean Rodrigo Cuevasek Trópico de Covadonga izeneko ikuskizunean Manual de cortejo laneko abestiak aurkeztuko ditu Gasteizen. Aukera paregabea folklore aztoratzaile asturiarraren distira zuzenean ezagutzeko. Umorea, erotismoa, hedonismoa, aldarrikapen serioak, koreografia garaikideak, bideo-proiekzioak eta, batez ere, kantu eta musika ederrak ikuslegoaren gozagarri izango dira, 19:00etan, Principal antzokian.