Mexikoko mugak migratzaileentzako tranpa izaten jarraitzen du, gazte batek zortzi lagun tiroz hil ditu Indianapolisen, Poliziak haur latino bat hil du Chicagon, eta, bitartean, George Floyd ito zuen agentearen aurkako "epaiketa" aurrera doa...
Gaurko enkargua AEBetako jendartean korapilatuta jarraitzen duen gai horietako bati buruz idaztea da, hain zuzen ere, establishment zuriak afroamerikar, indigena eta latinoen gainean eragindako arrazakeriaz. Hala, kantu batzuk gogora ekarriko ditut:
"Hegoaldeko zuhaitzetatik fruta bitxi bat dago zintzilik. Odola hostoetan, odola sustraietan". Abel Meeropolen hitz horiekin salatu zituen Strange fruit abestiak Ku Klux Klanen beltz-lintxamendu, erretze eta urkatzeak. 1939an Billie Holidayk lehenbizikoz abestu zuen Cafe Society-n, New Yorkeko bezerorik progreenak jasotzen zituen klubean, beltzak eta zuriak banandu gabe bil zitezkeen toki bakanetakoan. Abesti hunkigarriak sortu zuen zalaparta ezagutzeko, gomendagarria da orain dela gutxi aurkeztutako The United States vs. Billie Holiday ikustea.
1964an, Medgar Evers ekintzailearen erailketaren eta lau neskato hil zituen bonbardaketaren ostean, Nina Simonek mendeku gogoa musikaren bidez baretu zuen. Testuinguru horretan sortu zuen Mississippi Goddam, oroimen kolektiboan betiko geratuko den arraza bereizketaren aurkako ereserkia.
Zurien nagusitasuna ez zen bakarrik gutxiengo arrazializatuen kezka. Pete Seeger, Joan Baez edo Bob Dylan bezalako artista zuriak ere arazoaz arduratu ziren. Esaterako, 65ean, Paul Simonek eskubide zibilen aldeko aktibista zen Andrew Goodmanen omenez He was my brother idatzi zuen; Freedom Summer proiektuan komunitate beltzekin elkarlanean ziharduela Ku Klux Klanek tirokatutako gaztea ikaskide izan zuen.
Gertuko garaietara etorrita, goraipatzekoa da Public Enemy, N.W.A. edo Kendrik Lamar bezalako musikariek beltzen ahalduntzearen alde egindako lana. Baina abesti garaikide aipagarri berri bat bada, This is America (2018) da; bideo-klip ezinhobean Childish Gambino rap abeslari eta aktoreak bere dantzatzeko eraz, imintzioz eta hitzez baliatuta, gizarte gaixo baten erretratua azaltzen digu, hedabideetatik joera absurdoak zabaldu bitartean, edozeinek AK47 batez sarraskia egin dezakeen gizartearena.