David Palomar

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2021ko mar. 13a, 09:35

David Palomar flamenko kantaria. / D. Palomar

"Kontratatzen zutenen zorroztasunetik libratuta, mugarik gabeko jokaleku baten aurrean sentitzen hasi zen"

La Viña Cadizko erdiguneko arrantzaleen auzo umil eta tradizionala da. Hantxe, Andaluziako folkloreko bi musika ezagun elkar bizi izan dira urteetan: flamenkoa eta inauterietako musika. Eta La Viñakoa da, hain zuzen ere, gure gaurko protagonista, David Palomar (1977).

Umetan inauterietako koruetan hezitako kantaria da, bere belaunaldiko abeslari askok bezala, Camaron de la Islak erakarrita flamenkora jauzia eman zuena. Horretan bere aitak izan zuen ardura zuzena, Camaronen jarraitzailea izanik betirako markatuko zuen diskoa oparitu baitzion, Soy gitano (1989).

Gaztea, pixkanaka, Cristina Hoyos dantzariarekin edo Gerardo Nuñez eta Paco Peñaren mailako gitarristekin eskarmentua lortzen hasi zen; 2007an, Kordobako Arte Flamenkoaren Lehiaketa Nazionalean Saria irabazita, flamenkoaren lehen lerrora jauzi egiteko aukera izan zuen, eta 2008an, Trimilenaria bere lehen LPa grabatu zuen. Azkenean, kontratatzen zuten artistek ezarritako zorroztasunetik libratuta, flamenkoan aritzeko askeago, erosoago, mugarik gabeko jokaleku baten aurrean sentitzen hasi zen. Funtsezkoak ziren ezaugarri haiek Cadizko kantuetarako, gainerako kantu dramatikoak baino anarkikoagoak eta alaiagoak baitira. Hala, La Viña: Cantón independiente (2010) eta Denominación de origen (2015) diskoekin, bere hiriari eskainitako trilogia osatu zuen.

2015ean Gasteizko XXI. Mendeko Flamenkoa zikloan haren ahotsaz gozatzeko aukera izan genuen lehenengoz. Errezitaldi txalotua izan zen, eta Cadizko jai-kantuen aditu handi bezala nabarmendu zuten; Mariana Cornejo edota Chano Lobato gerra osteko handien oinordeko duina.

Martxoaren 13an, Ibañez de Matauko aretora itzuliko da Palomar, oraindik izenik ez duen diskoa argitaratzeke. Lan berri horretan, ohiko ildotik jarraitzea nahi dutenen atsekaberako, gainetik bere asmo sortzailea irmoki defendatuko duela iragarri du; hots, Morentek egin bezala, tradizioan oinarritutako musika garai modernoetara ekarriko du. Orain arte plazaratutako hiru singleak eta bideoklipak kontuan hartuta, apustu erradikal berria definitzen duten hitzak fusioa, bisualtasuna, kolorea eta mezu aldarrikatzaileak dira.

Ez dirudi ordea, larunbatean proposamen berria aurkeztuko duenik. Gitarra-jotzaile trebea bidaide, ziurrenik, Cadizko trilogiarekin saiatuko da txalo eta irribarreak jasotzen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago