Abraham Cupeiro

Abraham Cupeiro

"Galiziarrak leku ezberdinetako haize-instrumentu bitxiak jotzen ditu bakarlari moduan"

Goi mailako artista guztiak ez dira beti prentsako titularretan goraipatzen. Batzuetan, kultur agendetako lekurik ezkutuenetan begira gabiltzala, hain ezagunak ez diren kategoriako musikarien emanaldiekin egin dezakegu topo. Gaur aurkeztuko dizuedana, hain zuzen ere, egungo pop-izar gehienak baino askoz interesgarriagoa den artista horietako bat da: Abraham Cupeiro.

Cupeiro Lugoko Sarria herriko multi-instrumentista eta musika-tresnen egilea da, Bartzelonako unibertsitatean tronpeta eta Antzinako Musikaren interpretazioa ikasi, eta egun A Coruñako kontserbatorioan tronpeta irakaslea da. Heziketa klasikoa jaso arren, galiziar on gisa, gaztetatik musika tradizionalak erakarri du, bai lurraldeko folkak, bai munduko gainerako kulturen soinuek ere. Izan ere, bere azken proiektua bizi dugun krisi ekologikoari aurre egiteko planetako bazter guztiak musikarekin batzeko gonbitea da, hortik Pangea.

Pangea kontinente guztietako soinuen bidez proposatutako bidaia da. Orkestraz lagunduta, galiziarrak leku ezberdinetako haize-instrumentu bitxiak jotzen ditu bakarlari moduan, gehienak bere tailerrean landutakoak edo munduan zehar aurkitutako antzinako musika-tresna zaharberrituak. Cupeiro ez da ohiko luthierra, antzinako instrumentuen ikertzaile eta zaharberritzailea da. Berak konpondu ditu Santiagoko katedraleko Gloria atarian dauden tronpetak, eta, erromatar txanpon baten marrazkitik abiatuta, karnyx bat, Burdin Aroko tronpeta zelta bat, zehatz-mehatz erreproduzitzeko gai izan da.

2019ko azaroaren 11n, Pangea proiektua Abbey Road estudio ospetsuetan grabatu zuen. Londreseko Royal Philharmonic Orchestraren laguntzarekin egin zuen, eta John Barrett soinu ingeniari, Rolling Stonesen On air zuzeneko diskoaren arduradunetako bat.

Aste honetan, otsailaren 7an,  Abraham Cupeiro Gasteizko Principal Antzokian izango da Pangea aurkezten. Oraingoan familiei bideratutako emanaldia eskainiz, Luis Orduñak zuzentzen duen Udal Musika Bandaz lagunduta eta Josune Velez de Mendizabal antzezlea aurkezle. Haiekin batera, besaulkien gainetik hegan, Ozeaniako itsas-maskorren hots burrunbatsuak, Ipar Amerikako luma-flautaz sortutako melodiak, behi-adarrez egindako korna galiziarraren orro primitiboak eta abrikotondo egurrez egindako duduk armeniarraren soinu hunkigarriak azalduko dira, besteak beste.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago