Pedro Iturralde

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2020ko aza. 20a, 10:00

Arg: Flickr/CC/Thundershead

"Ez zuen beste batzuek konposatu dutena errepikatzen duen musikari hutsa izaten amaitu nahi"

Nazioarte mailan ezagunak diren Euskal Herriko zenbat musikari ezagutzen ditugu? Urriak dira oso, hortaz, baldintza hori betetzen duen Pedro Iturralde Ochoa saxofoi-jotzailearen figura aldarrikatzera natorkizue gaurkoan.

Azaroren 1ean hil zen Iturralde, Madrilen, 91 urte zituela. 1929. urtean Nafarroako Faltzes herrian jaio zen, Arga ibaian errota gobernatzen zuen familia baten altzoan. Aita trebea zen harizko musika-tresnekin, berak kutsatu zion Pedritori musikarekiko maitasuna. Bost urterekin, bronkopneumoniaz gaixotu, eta, diotenez, medikuak birikak indartzea eskatu zion; bistan da urte batzuk beranduago saxofonista bihurtutako gaixoak agindua zintzoki bete zuela.

Hasierak Faltzesko bandarekin herriz herri eta jaiez jai jotzen eman zituen, 15 urterekin Logroñoko Café Comercio-n jotzeko lehen eskaintza profesionala izan arte. Hortik aurrera musikak mundu osotik bidaiatzera bultzatu zuen: Katalunia, Portugal, Maroko, Argelia, Tunez…, soldadutzak etxera bueltan ekarri zuen arte.

Iturralde ez zen konformista, ez zuen beste batzuek konposatu dutena errepikatzen duen musikari hutsa izaten amaitu nahi, originala izan nahi zuen. Espainiako musikari klasikoek (Falla, Granados, Albeniz...) musika klasikoa arabiar-andaluziarrekin uztartu bezala, berak bere estilo propioa landu nahi zuen. Gogo horri helduta eta Lorcaren kantutegi herrikoiari zion mirespenak bultzatuta lortu zuen akaso bere bizitza musikaleko lorpenik txalotuena, Jazz Flamenco (1967), jazza flamenko zertzeladez margotu zuen proiektua. Berlinen grabatu zuen maila handiko boskotea bidaide zuela, tartean Paco de Lucia gaztea. Jazz flamenkoaren inguruan hiru disko argitaratu zituen: Jazz Flamenco I eta II eta Flamenco Jazz. Binilo-bildumagileen artean oso artikulu preziatuak.

Arrakastak lasaitu ordez, erronka berri bila jo zuen: Berkleeko musika unibertsitean ikasi zuen, Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioko saxofoi katedra lortu, munduko jazz jaialdi ospetsuenetan parte hartu, orkesta sinfonikoetan bakarlari gisa jo edo pop-rock taldeentzat (Serrat, Aute, Urko, Mocedades, Burning…) grabatu zuen.

Betiko joan bazaigu ere, handia da utzitako ondare musikala. Pedro Iturralde, izarretan bego, hortxe Duke Ellington, Coleman Hawkins, edota Tete Montoliuren aldamenean...

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago