1970eko maiatzaren 8an argitaratu zen Let it be, The Beatlesen estudioko azkeneko lana. 50 urte bete dituen disko ospetsu honek historiara pasa diren abesti batzuk badituen arren, Liverpoolekoen diskografian kategoria txikiagokotzat jo dezakegu; Sgt. Peppers, Rubber Soul edota Revolver bezalako lan bikainekin alderatzen baldin badugu behintzat.
Ordurako The Beatles taldea ez zen aurretik izandakoa. Eta irizpide artistikoak ez ziren haien arteko arazo bakarra. Emozio handiko azken urteen ondoren eta ordu asko elkarrekin grabazio-estudio barruan igaro ostean, harreman pertsonalak ere tirabiraz beterik ziren: George Harrisonek taldea utzi zuen eta berriz bueltatu zen, John Lennon drogekin gehiegikeriatan zebilen, Ringo Starrek gutxietsita sentitzen zuen bere burua taldean… Paul McCartney zen taldearekin jarraitzeko interesa erakusten zuen bakarra.
The Beatles estudioko banda bilakatuta zegoen. Zoragarri apaindutako abestiak sortzeko gaitasun eta baliabideak zituzten, baina maisulan haiek zuzenekoetan jotzea ezinezkoa zen. Hortaz, eta nolabait jatorrira itzultzeko asmoz, McCartneyk taldeak hainbeste sofistikazio alde batera utzi eta zuzenean jotzeko moduko rock abesti "sinpleetara" itzultzea proposatu zuen. Ustekabean, taldekideek begi onez ikusi zuten. Eta horrela sortu zen Get back, disko bat osatzeaz gain grabazio saioetan hartutako irudiekin egindako dokumentala zeraman itzulera proiektua. Gerora Let it be deituko zen proiektu hori.
Get back sortzeko prozesua zaila eta astuna izan zen, nahiz eta bizikidetza hobetu zuten bi gertaera izan tarte horretan: Billy Preston teklatu jotzaile ospetsuaren kontratazioa eta grabazio-estudioaren lekualdatzea Savile Row kaleko Apple enpresaren eraikinera. Hain zuzen ere, eraikin horretako azotean izan zen, 1969ko urtarrilaren 30ean, musika tresnak entxufatu eta jo zuten azken zuzenekoa; Poliziak geldiarazi zituen zuzenean ari zirela.
Nolanahi ere, ezin izan zuten sortutako grabazio-material ugaria komunean jarri. Hala, Get back proiektua alde batera utzi zuten, eta, gezurra badirudi ere, George Martin euren ekoizle fetitxearengana jo zuten berriro ere, beste maisulanetako bat duten Abbey Road urte hartako irailean argitaratzeko.
Bandak azkeneko orduak zituen. Baina, banatu aurretik Lennonek Get Backen materiala berreskuratzea proposatu zuen, ardura eta konfidantza Phil Spektor musika ekoizle ezagunaren eskuetan utziz. Lortutako emaitza gainerako taldekideei ez zitzaien batere gustatu, Spektorren ekoizpen sofistikatuek jatorrizko soinura itzultzearen ideia zapuzten baitzuen. Azkenik, Let it be izenarekin bataiatutako disko eta pelikula haiekin amaiera eman zioten gordetako materialaren pasadizoari eta The Beatles taldearen ibilbideari.
Across the Universe, Get back, Dig a pony, The Long and Winding Road… garai ezinhobea dugu Let it Be-k gordetako ereserki klasikoetara gerturatzeko.