MBW

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2019ko aza. 21a, 15:30
Eli 'Paperboy' Reed

"Gasteizek ere badu musika beltzean oinarritutako jaialdia: Midnight Boogie Weekend"

90. hamarkadan soul eta, oro har, erritmo beltzekin zerikusia zuen musikaren erreferente izan ziren Gasteizen antolatzen ziren jaialdiak. Gerri herdoilduak edukitzeagatik ezagun, fenomeno "paranormaltzat" har genezake AEBetan sortutako musika afroamerikar hark lortutakoa: euskaldunak pub-barraren babesetik aldendu eta pistako dantzari amorratu bilakatzea. Erru handia izan zuen The Allnighters banda gasteiztarrak eta bere inguruan sortutako giroak, euren gitarren rhythm and blues (R&B) deskargek gau osoz dantzan irautera gonbidatzen baitzuten.

Garai hartan hartu zuen indarra soul kulturak Euskal Herrian, eta egun ugariak dira musika beltzaren inguruko jaialdiak: Soul 4 Real (Bilbo), Mojo Workin' (Donostia), Beltza Weekend (Iruñea)... Gasteizek ere badu musika beltzean oinarritutako jaialdia, izan ere, 3. edizioa beteko du Midnight Boogie Weekendek, Helldorado elkarteak Vital Fundazioarekin elkarlanean antolatutako jaialdiak. Aurtengo edizioa gainean dugu eta azaroaren 21etik 23ra, kontzertuak egoteaz gain, soul  kulturaren inguruan antolatutako hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango da.

Gosegarri gisa, hilaren 21ean, 20:00etan, 2014an James Brownen bizitzaren inguruan Tate Taylorrek zuzendutako Get on up  filma eskainiko dute Dendarabako Luis de Ajuria aretoan. 

Ostiralean, hilaren 22an, gasteiztarron artean ikusmin handiena sortu duen kontzertua dago Helldoradon. Izan ere, Eli Paperboy Reed-en agerraldia 21:30erako dago iragarrita. Bostongo azal-zuriko artista gazteak 2009ko ARFn Gasteiz osoa dantzan erotuta jartzeko gai izan zen. Orduan Roll with you  bigarren disko ederra defendatzen lortutakoa, aurten 99 Cent Dreams berriarekin errepikatzen saiatuko da. 22ko jaiak luze iraungo du, Reed amaitu bezain laster hasiko baitira gonbidatutako lau dj-en saioak; horien artean, Alfie Linney ingelesa da ospetsuena. Laurek, garaiko binilo originalez armaturik, guztia emango dute zapaten zolak higatu arte.

Azaroaren 23ko jardunaldiari Jaime Bajoren El Hechizo del Groove liburuaren aurkezpenarekin, Jaume Mira margolariaren artelanen erakusketarekin eta Creative Soul kolektiboaren haurrei zuzendutako tailerrekin emango zaio hasiera, ondoren Helldoradora itzultzeko.

Aurreko eguneko lau dj-ekin biribildutako emanaldi bikoitza izango da azken gauekoa. Hasteko, Elxeko Pasapogas Hammond Quartet protagonista, aurkezpen gutuna era instrumentalean jotako modern jazza, boogaloo-a eta soula.

Amaitzeko, antolatzaileen apusturik sendoena, Zoot Mooney teklista beteranoa. Bornemouthko mitoa jazz prestakuntza duen musikaria da; 60ko hamarkadaren hasieran jada R&B egiten ari zen Eric Burdon, Steve Winwood edota Eric Claptonen aldamenean. Behin bakarrik jo du estatuan orain dela 15 urte.

Begirada eman egitarauari eta soulez beteriko asteburu ezin hobea igaro Midnight Boogie Weekenden.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide