Nostalgia ariketa

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2019ko ira. 25a, 17:40
Gari eta Josu Zabala. / EITB

"Zapa kaleko giro aske bezain gris hartan sortu zuten Montoia eta Zabalak taldearen ideia" 

Bizi izan zutenek ez dute sekula ahaztuko 1980. hamarkada hasierako giro gasteiztarra. Trantsizioaren urte zalantzagarri haietan nahaste politikoa zen nagusi. Askatasun hasiberriko aldi hartan gazteak kaleaz jabetzeko egarri ziren, eta, egungo gizarte-etxe eta kiroldegien faltan, Alde Zaharreko tabernak bilakatu ziren babesleku. Kutxi kaleko giroa hiriko abertzaleena izanik, bertako tabernetan folk musika entzuten zen, batez ere Ez Dok Amairu mugimenduko abeslariak (Laboa, Iriondo, Benito…).

Ordurako, Zapa kalean rock musika entzuten hasia zen. Bilbon eta Donostian ez bezala, Gasteizen giro libertarioagoa zegoen, eta nolabait folkak une oro goraipatzen zuen Euskal Herri idilikoaz aspertuta, La Posta, El Abuelo edota El Calígula bezalako lokaletan biltzen ziren lagunek AEBetatik eta Britainia Handitik heldutako hots berri haiek hobesten zituzten. Zapako giro aske bezain gris hartan, akaso The Policen musikak inspiratuta, sortu zuten Josu Zabalak eta Xabier Montoiak (Gamma) Hertzainak taldearen ideia. Gamma Ingalaterran egon berria zen eta liluratuta itzuli zen han ezagututakoarekin, punk mugimenduarekin, alegia. Solfeoaz ezer gutxi zekien pertsona batek akorde gutxi batzuk ikasita nahikoa zuen botere politikoaren bidegabekeriak salatzeko. Euskara ikastea falta zuen bakarrik, Sex Pistols edo The Clash taldeek Ingalaterran egiten zutena Euskal Herrira inportatzeko. Esan eta egin, Gamma euskaldundu eta berehala hasi zen Hertzainak Zabalaren Gamarrako lokalean entseatzen, denbora gutxian Iñaki Garitaonaindia (Gari) legazpiarrak ordezkatu zuen arte. Bandatik hainbat lagun pasa ziren, baina behin Tito Aldama saxo-jotzailea kanpo geratuta, taldekide ofizialak Zabala, Gari, Txanpi perkusionista eta Kike Saenz de Villaverde gitarra-jotzaile gasteiztarra zirela esan daiteke, tarteka ibili zen Bingen Mendizabal ahaztu barik.

35 urte igaro dira jada Hertzainaken debut diskoak 84an argia ikusi zuenetik. Urteurrena aitzakia hartuta, eta banda osoa batzeko burutazioa behin zapuztuta, Garik eta Zabalak biak elkarrekin eta Garik bakarkako proiektuan erabiltzen dituen musikariez lagundurik, Euskal Herriko hiriburuetatik bira egitea zuten helburu. Arazoak arazo, Bilboko emanaldiak soilik mantendu ahal izan dituzte. Hortaz, La Pollarekin gertatu bezala (aguraindarrak ere berragerpen biran murgildurik dabiltza), Euskal Herrian eskainiko dituzten emanaldiak Bizkaian soilik izango dira, Araba euren agendetatik kanpo geratu baita. Gasteiztarra naizen aldetik, erabaki guztiz ulergaitza, bi talde arabar klasikoen ibilbidea garai hartan euren hirian bizi zen giroaz zeharo baldintzatuta egon zela argi baitago.

Irailaren 17an Bilboko Kafe Antzokian izan zen eskainitako lehendabiziko kontzertua, eta  beste biak aste honetan, hilaren 25 eta 26an. Non eta Euskalduna Jauregian, hain zuzen ere, 1985ean greba-itxialdian zeuden Euskalduna ontziolako langileei eskainitako Eutsi gogor kantaren leku berean. Iraganeko su eta kea, egungo erosotasun eta dotorezia. Bistakoa da, eta aukera duten bakoitzean hala adierazten dute Zabalak eta Garik, garaiak zeharo aldatu dira, eta haiek eta jendartea ere ez dira berdin; beraz, ez luke zentzurik Hertzainakek eskaintzen zituen kontzertuak imitatzea, eta euren asmoa abestiei zein taldeari omenaldi bat egitea izan da.

La Banda Municipal de Ska, gainontzeko lagun gasteiztarrak eta orduko neurrigabekeria XXI. mendera ekartzea tokiz kanpo legoke, baina, Garik sare sozialetan iragarri bezala, aukera egongo da egungo euskal kulturako hainbat lagun Euskaldunako agertokian ikusteko. Besteak beste, han izango dira Hertzainakekin tarteka aritutako Ruper Ordorika eta Joseba Agirre txistularia, Unai Iturriaga eta Igor Elorza (7 eskale), Gorka Urbizu (Berri Txarrak) edota adopziozko gasteiztarra den Miren Narbaiza (MICE)…

Joan den astean Kafe Antzokian ikusitakoaren arabera, nostalgia ariketa ederra bizi izango zuten berehala agortutako sarreren jabeek. Bitartean, arabarrok garai batean Hertzainak bandarekin bizi izandako sinbiosi harreman estu hari noizbait omenaldia egitearekin amets egiten jarraitu beharko dugu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide