Gerraren aurkako bost lan

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2019ko ots. 6a, 11:48
Emmanuel Jalek afropop disko berria kaleratu du./ E..J

"Emmanuel Jalek armak eskegi, eta herrien bakea aldarrikatzen du musikaren bidez".

Hainbat eragilek aurkeztu duten Eusko Label Armak Gerrarako ekimenak Euskal Herrian 100 enpresak baino gehiagok armagintzan dihardutela salatu du. Hausnarketa sakona egitera bultzatu behar gaituen gertaera honi helduta, gaurkoan gatazka larriak dauden herrialdeetako bost diskorekin natorkizue.

Zortzi urte daramatza gerran murgilduta Siriak. Zifrak negar egiteko modukoak dira; 500.000 pertsona hil eta 5,7 milioi pertsona inguruk errefuxiatu gisa ihes egin behar izan dute atzerrira. Londresera alde egiteko aukera izan zuenetako bat Maya Youssef musikaria da. Damaskokoak 2017an argira atera zuen Syrian Dreams debut lanean qanun-a da protagonista, 78 soka dituen ekialde hurbileko salterioa. Diskoari izena eman dion lanaz gain, Bombs turn into roses da gudaren aurka duen alegaturik  nabarmenena.

Ekialde hurbiletik atera gabe, Palestinako Le Trio Joubran oud-jotzaile beteranoen estudioko lan berria da gomendatuko dizuedana, The Long March (Martxa Luzea). Munduan zapalduta dagoen herri indigena orori, eta bereziki Israelgo ejertzito sionistak itota duen Palestinari eskainitako diskoa.

Afrikan egoera ez da hobea; Somalia, Kongo edota Txad odolez blaituta daude. Gure hurrengo protagonista Hego Sudangoa da. Emmanuel Jal ez da rap-kantari arrunta; zortzi urte besterik ez zituela, soldadu bidali zuten Etiopiara. Orain, 39 urterekin, eta Kanadan salbu bizi dela, gerra-ume izandako artista eta ekintzaile honek armak eskegi eta sortzen duen musika guztia herrien arteko bakea aldarrikatzera bideratzen du. Naath izenarekin bataiatu du Nyaruach arrebarekin grabatutako afropop disko dantzagarri berria.

Latinoamerikan, besteak beste, larritzekoa da Kolonbiako egoera. Gatazka hau eta munduan dauden beste guztiak ekiditeko mezuarekin, 2014an Para la guerra nada abestia konposatu zuen Bogotako Marta Gomezek. La Alegría y el Canto iazko disko zoragarria da, ordea, goraipatuko dudana.

Amaitzeko bosgarren disko bat gomendatuko dizuet, AEBetakoa honakoa. Gudak ez dira blindatutako herrialde horretan fisikoki gertatzen; haien politika inperialistak, ordea, planetako beste herri askotan du eragina. Are gehiago Trump buru dutela. Marc Ribot gitarra-jole maisuak argi dauka hori, eta Songs of Resistance 1942-2018 diskoan bere aberriaren jokabide maltzurrak irmoki salatu ditu.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide