Joan Jett

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2018ko eka. 21a, 10:17
Joan Jett/ Vix

"Hamabost urte zituela, beste hiru neskarekin The Runaways banda osatu zuen".

2017ko irailean Joan Jett ARF-eko kartelburu izango zela konfirmatu zutenean, bazirudien feminizatze-prozesuari ekingo ziotela. Baina denborak bestelakoa erakutsi du; parte hartuko duten 40 taldeetatik lauk besterik ez dute emakumezko partaiderik: %10. Ehuneko lotsagarri hori justifikatu dezakeen aitzakiarik ez dago. Rock and rolla ez da sexu maskulinoaren barruti esklusiboa, eta horretan lan itzela egindakoak dira bai Joan Jett, bai adinkideak dituen beste batzuk ere (Chrissie Hynde, Debbie Harry, Patti Smith…), atzetik etorriko zirenentzat eredugarri izan zirenak.

Joan Jett 1958an jaio zen, Philadelphian (AEB). Gazte zela, akaso Suzy Quatro artistaren eraginez, rock munduan murgildu zen. Hamabost urte zituela, beste hiru neskarekin elkartu eta The Runaways banda osatu zuen. Ordura arte, ez zen ezagutzen hard rockean %100 emakumez osaturiko talderik. Lau nerabe haiek hankaz gora jarri zituzten AEBetako jendarte burgestuaren oinarri moralak. 

1979an taldekideen arteko desadostasunak zirela eta, The Runaways desegin zen. Bost urte, lau estudioko disko eta rock-bizimoduaren gehiegikeriaz josiriko historia eten egin zen. Gori-gori zegoen punk giroak erakarrita, Joan Jett Atlantikoa gurutzatuta Ingalaterrara joan zen. Denbora gutxi behar izan zuen Londresen egokitzeko, eta berehala lortu zuen Sex Pistols taldeko musikariekin hiru abesti grabatzea. Tartean guztiok ezagutzen dugun I Love Rock ’n Roll, aurretik The Arrows taldeak arrakasta eskasez konposatutako kanta, Joanek rockaren ereserki bihurtu zuena.

Bakarkako lehen diskoa argitaratzeko orduan heldu zitzaizkion arazoak Joan Jetti. Europa, Japonia eta Australia bere musikaren gotorleku izanik, han ez zuen oztoporik topatu. Bai ordea etxean, ospe txarra argudiatuta 23 disketxek diskoa grabatzeari ezetza eman ziotelako. Orduan, Kenny Laguna ekoizle musikala ezagutu eta lankidetza oparoa hasi zuten. Elkarrekin Blackheart Records disketxe propioa sortu zuten, Gasteizen izango ditugun The Blackhearts –Joanen banda laguntzailea– eratu eta fama txarrari etekin ateraz Bad Reputation bezalako hit eranginkorrak oparitu zizkiguten, baita 2010ean The Runaways taldearen filma ekoitzi ere.

Larunbatean ARFen egonez gero, ez ezazu galdu dagoeneko rockaren mito bilakatu den Joan Jetten emanaldia.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide