Ezinbestean, kolorez

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2018ko api. 12a, 12:28
Harresian Zuloren kontzertua. / T. Mendez

Harresian Zulok inork baino hobeto jakin izan du berriak diren ohiturez blaitzen.

Badira musika talde batzuk, hedabide interesdunen konplizitatearekin, ahalik eta lasterren arrakasta eta ospea lortzen dutenak. Badira beste batzuk, ordea, inongo pretentsiorik gabe bideari ekiten diotenak, eta konturatu orduko euren bizilekuaren ondare kulturalak bere egiten dituenak. Azken hauetakoak dira ezinbestekoak, eta azken multzo honetan kokatuko nuke Harresian Zulo taldea. 

Euren ibilbideak izan dituen lotura bakarrak auzoarekiko konpromisoa eta oraina dira. Horren adierazgarri da hamabost bat urtetan, hamaika kontzertu eskaini arren, bi estudioko lan soilik grabatu izana, eta abestiak, aurten arte, Spotify bezalako plataforma digitaletara igo ez izana. Arrakastara bidean ezinbestekoa dirudiena.

Harresian Zulok mende hasieratik darama Gasteiz hiriari eskua hartuta koskortuz, eta, aldaketak gorabehera, bere izaera garatuz. Atzerritik heldutako bizilagunen garai honetan, inork baino hobeto jakin izan du berriak diren ohiturez blaitzen. Gure kulturak, XXI. mendekoak, aniztasuna izan behar du oinarri, hain zuzen ere Harresian Zulok hasieratik proposatutakoa. Euren errepertorio mestizoak Magreb eta Afrika Mendebaldeko soinuak, Espainia Hegoaldeko runba erritmo alaiak, soinu latino beroak eta Euskal Herriko bertako antzinako musika tresnak ondo baino hobeto fusionaturik eskaintzen dizkigu. Ezinbestean Kolorez (2018) izenburu esanguratsupean argitaratu berri duten diskoa kultura nahasketa horren adibide argia dugu. 

Harresian Zulo (2014) debut diskoa, hasierako hamar urteetan Euskal Herriko plaza eta eszenatokietan zehar zabaldutakoaren bilduma lantzat har genezake. Oholtza gainean dantzatutako konposizioak sartu zituzten, nolabait diskoan erritmoak  melodien gainetik kokatuz. Ezinbestean Kolorez osatzeko egoera irauli dute. Dantza guztiz alboratu gabe, entzumenera zuzendutako lana da, TxalapArt folk musikan espezializatuta dagoen zigiluaren eskutik.

Ale bat eskuratzeko aukera ederra izango da larunbatean, hilaren 14an. Harresian Zulo eta El Arrabal –biak ere Araba bertako eskaintzak– Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango dira euren artea banatzen. Gasteizko zaleek zor dietena ez dute ahaztu, eta, aurrekoetan gertatu den legez, aretoa lepo topatuko dute jairako prest. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide