Ahaztuei, bost kanta

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2018ko urt. 24a, 15:58
Tribalistas taldeko kideak. / Tribalistas

"Musikak ezin du mundua aldatu, baina kontzientzian eragiteko ahalmena dauka".

Etxetik ihes egitera behartuta dauden lagunen arazoa da, dudarik gabe, gure zibilizazioak aurre egin behar dion arazorik larrienetakoa. Politikariek beste aldera begiratu eta merkatuen esanetara aurrera egiten duten bitartean, kultura arazoaren tamainaz jabetu da, eta badira beraien lanetan errefuxiatu eta migratzaileek jasaten duten zorigaitzari tartetxoa eskaintzen dioten artistak. Musikak ezin du mundua aldatu, baina halako gertaerei soinu-banda jarriz kontzientzietan eragiteko ahalmena du. Horrenbestez, 2017an errefuxiatuetaz oroitu diren bost kantarekin nator.

Hasteko, azaroan Izaro mallabitarrak aurkeztu zuen luzera ertaineko Hankapuntetan diskoko Errefuxiatuena dakarkizuet. Kezka sortzen duen migrazioaren inguruan, euskal kantaren oraina eta etorkizun hurbilena batu dira honetan. Mikel Urdangarin eta Izaro.

2017ko zerrenda ugaritan ikusi dugu Maria Arnal eta Marcel Bages bikoaren 45 Cerebros y 1 Corazón. Baina hautatu dudan bigarren kanta lehenago atera zuen Verbena EP-ko Canço de Marina Ginesta da; erbestera babes bila egindako bidaian, Ginestak berak abestu zuen habanera. Gerra Zibilean, atzerrira alde egin behar izan zutenei egindako gorazarrea; Estatuko eta Euskal Herriko beste askok bezala, atzerrira alde egin behar izan zuen Bartzelonan ibilitako milizianoa zen Ginesta. 

Hirugarren, Arnaldo Antunes, Marisa Monte eta Carlinhos Brownek osatzen duten hiruko brasildarra dugu: 15 urteren bueltan berriro elkartu den Tribalistas. Izan ere, poeta brasildarren pasarteak eta bibliakoak erabiliz, errefuxiatuen eta migranteen arazoa guztion ahotan jarri dute Diaspora lanean. Aldarrikatzaile agertzen dira ere Lutar e vencer-en, hezkuntza publikoari eginiko murrizketak salatuz. 

Izakiok basamortu, glaziar zein kontinenteak zeharkatu ditugu existitzen garenetik eta hori da, laugarren aukeran, Jorge Drexlerren  Movimiento abestiak kontatzen diguna. Kantaren klipa ere aipatzekoa da; Lorena Ramirez Mexikoko tarahumara ageri da etengabeko lasterraldian. 

Azkenik, Mursego dugu. Krisi garaian errefuxiatu eta etorkinak biktima bihurtu eta interes politikoak ezkutatzen dituzten zurrumurruak plazaratzen dira. Horiei aurre eginez, eta Oiongo herriaren laguntzaz, Zurrumurru, zurrumurru abestia grabatu zuen %100 Oion diskorako.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide