2012. urtean izan zen. Calexico taldea Donostian egon zen azken aldian. Orduan Arizonakoek eskainitako bisetako batek guztiz liluratuta utzi ninduen: gitarra akustikoak, tronpeta mexikarrak, apaindura musikalak... Love taldearen Alone again or abestiari eginiko bertsioa zen. Han sentitutako zirrarak Los Angelesko taldearen historian sakontzera bultzatu ninduen. Hura izan zen kaliforniarrekin egun dudan maitasun harremanaren genesia. Egin dezagun atzera mende erdi.
1967. urteko abuztuaren 7a zen. George Harrisonek San Frantziskoko Haight-Ashbury auzora eginiko bisitarekin hippie kulturak behar zuen bataioa jaso zuen. Han sortutako kontrakulturak argi zeuzkan hainbat postulatu: instituzioei gorrotoa, Vietnamen egiten ari zenari errefusa, bizimodu berrien bilaketa (lan arloan, sexu harremanetan...). Uko egiten zioten zentzugabekerian eraikitzen ari zen inposatutako gizarte hari. Horregatik, mundua jasangarriago sentitzeko helburuarekin, berezko musika, loredun janzkera, jerga propioa eta kimika –bai LSD, bai antisorgailu pilula eran–, zituzten bidelagun.
Mende erdi bat jada maitasunaren uda hartatik, eta asko dira 67. urte hartako uztaren artean hilezkor bihurtu diren diskoak, guztiak ere "psikodelia" izenari lotutakoak. Jimi Hendrixen Are You Experienced, The Beatlesen Sgt. Peppers…, Jefferson Airplanenen Surrealistic Pillow, Pink Floyden The Piper…, Creamen Disraeli Gears edota Loven Forever Changes…
Azaroaren 1ean ikusi zuen argia Forever Changes hark. Asko izan ziren disko hura grabatu ahal izateko gainditu behar izan zituzten arazoak, gehienak Arthur Lee taldeko lider polemikoarekin zerikusia zutenak. Hasieran, zailtasun teknikoak eta taldekideen arteko desadostasunak zirela eta, diskoa Leek berak (ahotsa, gitar nagusia) eta Bryan McLeanek (gitarra erritmikoa, ahotsa) sesioko musikariez lagundurik grabatzea pentsatu zuten. Baina, musikari profesionalen teknika fin eta zainduarekin, ez zen inolaz ere betiko taldeak eman zezakeen freskotasun eta sentimendua lortuko. Talde multikultural hark zerbait magikoa zuen. Hala, John Echols (gitarra), Ken Forsi (baxua) eta Michael Stuart (bateria), betiko taldekideak, izan ziren, Lee eta McLeanekin batera zortzi egun gogorren ostean estudioan Forever Changes erditu zutenak.
Diskoak garai hartan, askotan gertatzen den legez, ez zuen kritikaren oniritzia izan, eta denbora behar izan du rockaren historiako lan onenen artean kokatzeko. Merezita gainera, bere ildoetatik irteten diren konposizio apainduak beste dimensio batetik lapurtutako ametsak baitirudite. Love maitatu.