Afrobeat taupadak

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2017ko mar. 2a, 12:33
Makulu Ken eta Big Time Sound System izango dira gaztetxea. / M. Ken

"Nigeriatik ekarri ditu Makulu Ken taldeak afrobeat erritmo bizi eta aldarrikatzaileak".

Larunbatean, martxoaren 4an, hamar musikari igoko dira Gasteizko Gaztetxeko oholtza gainera. Askotan entzun izan dut Euskal Herriko kalitatezko musikan gris kolorea dela nagusi. Gure musikaririk esportagarrienak tristezia, malenkonia edo herrimin usaina darien giroetan eroso sentitzen direla. Lasarte-Oriatik etorriko zaizkigun Makulu Ken taldekoek, ordea, baieztapen hori bertan behera utziko dute.

Musika tresnak martxan jarri bezain laster ohartaraziko digute nongoa den jo eta maite duten musika alaiaren jatorria: Afrika. Jasaten dituen bidegabekeriak jasanda ere, kantak kolorez eta irriz janzteko gai den kontinente bakarra. Handik, Nigeriatik ekarri dituzte euskaldundutako afrobeat erritmo bizi, bero, aldarrikatzaile eta dantzagarriak. Afrikako yoruba etniako soinuak eta highlife erritmo mestizoak, Iparramerikako funk eta jazz musikarekin bat egin zuten, 60. hamarkadan Fela Kutik eta Tony Allenek sortutako afrobeat estiloan.

Makulu Ken 2013ko Jazzaharrean jaialdian ikusi genuen azkenenekoz Gasteizen. Orduan, uztaileko sargorian, Gora tabernako agertokian izen bereko debut diskoa defendatzen izan genituen. Baita bikain egin ere, han geundenak deabruak hartuta bageunde bezala dantzan ezin gelditu egon baikinen. Egun hura ez dut behin ere ahaztuko. Orain, ia lau urte beranduago, eltzekorik gozoenak prestatzen diren bezalaxe, autoekoiztutako bigarren disko batekin bueltan datoz. Eman dioten izena Kalè Kalè da, tamalez gure gizartean askotan egiten dugulako kale, kale neoliberalismoaren erasoei aurre egiteko orduan, kale pertsonen arteko ezberdintasunak arintzeko orduan, kale kale…edo kale Calais? Batek daki. 

Diskoak dituen 15 abesti eta 75 minutuetan zehar, akaso eskarmentuak erakutsita, aurrekoak baino ekoizpen landuagoa dauka. Lan zail horretan Xa2 eta Patxus taldekideek Iñigo Egiaren aholkua izan dute Oh Brother estudioan. Hitzak idatzi eta moldatzearen ardura Xa2 eta Iñigo Suberbiolaren esku egon da; goraipatzeko lana benetan, jorratzen dituzten gaiak delikatuak izanik, zaila delako entzulearengan irria sortzea eta euren umore finak hori lortzen du. Lan horretan, gipuzkerarekin duten trebetasunaz baliatuta, hitz-joko eta hitz errepikapen dexente erabiltzen dituzte. Hori bai, abesti guztietako mintzagaiak Euskal Herriko punk musikan erabilitako berberak dira, gizarteari eginiko kritika gordina alegia: errefuxiatuen arazoak, telebista eta mugikorren pantailei so dabiltzan zonbiak, erraustegi ditxosoa, carpe diem-a…  Bere garaian Fela Kuti Lagos-eko gobernurarentzat izan zen zigorra, egun Makulu Ken taldea Lakuako politikarientzako bilakatuko al da?

Diotenez, aurten Gasteizera udaberria aurreratuta helduko zaigu. Martxoaren 4an, 21:00etan, euskalafrobeat erritmo bero, alai eta bizia entzutean… makuluak kendu, gerriak askatu, dantza egin eta esan agur neguari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide