Falcone eta Borsellino

Erabiltzailearen aurpegia Igor Salazar 2019ko urr. 4a, 10:42

"Palermon bezala, guk ere baditugu Falcone eta Borsallino asko eta asko"

Bi heroi: Giovanni Falcone (1939-1992) eta Paolo Borsellino (1940-1992). Italiako bi magistratuek bizitza eman zuten askatasunaren alde eta mafiaren kontra. Haien ausardia aintzat hartzeko Palermoko hirian horma-irudi handi bat dago. Halako omenaldiak garrantzitsuak dira iraganarekiko lotura ez galtzeko, eta iragan hori balioetsiz gizartearen oraina eta etorkizuna finkatzeko.

Euskadira hurbiltzen bagara, Gasteizen, mural sare zabala daukagu. Azpimarratzekoa da hiri paisaia edertzen duen kultura-ondare garaikide eta humanizatu hori. Horrenbestez, gizarte-kohesioa eta arte-adierazpen kolektiboa sustatzen dira, baita boluntariotza zibikoa ere, hiriarentzat foku turistiko garrantzitsu bat sortuz, hiritik kanpo ezagutzeko eta aintzatesteko modukoa.

Duela gutxi, Borja Rodriguezek, Partaidetza eta Gardentasuneko zinegotziak, azaldu zituen Gasteizko arte monumentalak jasango dituen berrikuntzak eta erronkak datorren urteetan. Horma-irudien kalitatea handitu nahi da. Besteak beste, funtsezko berri bat honako hau izango da: gaia aldez aurretik ezarrita egongo da. Nahiz eta, tupustean, baldintza zorrotzegia iruditu, hiriarentzat garrantzitsuak diren gai eta balioak islatzea da horren xedea. Horren haritik, ETAren biktimen oroimena helburu izango du 2021eko muralak.

Beraz, Euskadiko hiriburuan, Siziliako hiriburuan bezala, gure omenaldia izango dugu adierazpen garaikide eta artistiko gisa. Palermon bezala, guk ere baditugu Falcone eta Borsellino asko eta asko, Fernando Buesa eta Jorge Diez, adibidez. Bi heroi.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago