Principali, oparia

Erabiltzailearen aurpegia Igor Salazar 2018ko api. 20a, 10:45
Principal antzokia. / Gasteizko Udala

"Obrak eta publikoa hazi egin direnez, Principal antzokia kudeatzea gero eta zailagoa da".

Principal antzokia 100 bonbillarekin argiztatu eta mendeurrena ospatzeko egitarauari hasiera eman diote. Gasteizko erreferente kulturala eta soziala den antzokiak abenduaren 18an egingo die putz kandelei, duela 100 urte izandako lehen estreinaldiaren egunean. Gasteizko Udalak antolatuta, 2018ko datorren hilabeteotan zehar programazio indartsua dator. 

Hiriko lehen Principal antzokia ondoren Espainiako Bankua izan zen orubean eraiki zuten 1822. urtean, eta hura 1914an erre ondoren gaur egungo eremuan eraiki zuten. Batez ere, antzezlanak, musikalak eta kontzertuak eskaintzen dira antzokian, harrera oso ona dutenak ikusleen aldetik.

Aretoa gasteiztarren eboluzioarekin bat joan da ehun urte hauetan. Hori ospatzeko ekintza bereziak antolatu dira, baita bisita gidatuak ere. Egitarauak iraganaz hausnartzeko begirada izan nahi du, baina, aldi berean, Gasteizen arte eszenikoak sustatzeko aukera paregabea da. 

Hala ere, mendeurrenak eraikinaren etorkizunaren inguruko hausnarketa sakonago bat egiteko balio behar du. Eraikin historiko batean egoteak onurak eta arazoak dakartza, eta arazoei erantzunak eman behar zaizkie. 1992an instalazioen zaharberritzea aurrera eraman zen, baina harrezkero ez dira aldaketa askorik eman. Egitura eta dekorazioa zaharkitu direla nabari da, eta, obrak eta publikoa hazi egin direnez, espazioa kudeatzea gero eta zailago da.

Beraz, Principal antzokiak 100 urte bete dituela ospatzeko eraikinaren zaharberritzea nahitaezkoa da, opari honekin beste ehun urte ere iraungo dituelako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide