Larrion Jekyll ala Hyde?

Erabiltzailearen aurpegia

"Garaipena izan arren, Maroto bota zuten indarren ahulezia sumatu da".

Azkenean, 2017ko Gasteizko udal aurrekontuak onartu dira. Fumata zuria, esan daiteke negoziazioetan egondako gatazka politikoa ikusirik. Azkenengo unean, Urtaran alkateak aurkeztutako ezohiko legezko formula bat erabiliz lortu dute. Honen bidez, udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EEren botoekin, PPren kontrako botoekin eta Ahal Dugu, Irabazi eta, kanpaia jotzear, EH Bildu-ren abstentzioekin aurrekontuen luzapena saihestu dute. 

Nahiz eta hiriak aurrera egiteko garaipen garrantzitsu bat izan, Maroto alkatetzatik bota zuten aldaketaren indarren ahulezia islatzen da. 2014an PPren politiken aurka kolore desberdineko alderdien batasuna eta konpromisoa lortu eta gero, 2017an egoera guztiz kontrakoa da. Baina tentsioak, eraso pertsonalak eta desadostasunak ez dira oraingoak, duela hilabete asko ikusi ditugu. 

Zehazki, gatazka honen protagonistak bi alderdi dira. Alde batetik, Alderdi Popularra; bistakoa zen alkatetza galtzean eskuzabala ez zela izango. Eta, beste aldetik, era harrigarrian, EH Bildu; nahiz eta politikoki zorrotza eta kritikoa izatea ulergarria izan, suntsitzailea den jarrera aldaketa estrategia alderdikoi batean kokatzen da. 

Egoera honen aurrean, alderdi abertzaleak PPrekin batera "ezetzaren" bloke politikoan mantenduko den ala aldaketaren alderdiekin bueltatuko den aukeratu behar du. Robert Louis Stevensonen eleberrian bezala, Miren Larrionek bi nortasunetatik Jekyll ala Hyde den erabaki beharko du. 

 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide