Kalian gora, kalian behera...

Erabiltzailearen aurpegia

"XXI. mendeko 'alternatibak' bilatu beharko dira 2017ko jaietarako"

Gasteizko datorren urteko jaietan ez da zezenketarik egongo. Udalak iragarri du, zezenketak eta bigantxak kudeatzeko lehiaketa hutsik geratu eta gero. Eta albistea txundigarria iruditu arren, ez da mundua amaitu eta Gasteizko jaiak are gutxiago. 

Eztabaida gora eta behera, duela hilabete batzuk Udalak eta Estibaliz Canto (PSE-EE) kultura zinegotziak hurrengo jaietan Iradier Arenako ekitaldiak kudeatzeko lehiaketa ireki zuten. Lehenengo pauso moduan hartu zen erabakia, jakiteko zezenketak aldarrikatzen dituzten enpresariek Gasteizko ferian benetan interesik zuten. Epea agortuta, ez da enpresarik aurkeztu eta Udalak beste deialdi bat ez duela egingo adierazi du. Eta zer gertatu da egoera berri honen aurrean? Ezer kezkagarririk ez. Nahiz eta zezen-enpresak, komunikabide batzuk eta PPk izugarrizko iskanbila sortu nahian ibili, 2017an jaiak izango dira. Egitarauan aldaketak egongo dira, hirian zezenak ez ditugulako ikusiko, noski, baina Zeledon jaitsiko da, blusak eta neskak kalera aterako dira eta gasteiztarrok jarduera desberdinekin gozatu ahal izango dugu. 

Agerian geratu da zezen-zalea izan ala ez izan eta eztabaida sakonagoetan sartu gabe, Gasteizen zezen feria ez dela errentagarria. Egoera honen aurrean, Canto zinegotziak erronka berri bat dauka, gure jaientzako aukera paregabe bat. Orain, Gasteizko blusa eta nesken taldeekin batera konponbide egokiena bilatu beharko du, jai biziak eta eraberrituak lortzeko, hau da, XXI. mendeko "alternatibak" (zezen-hizkera erabiliz) bilatzeko.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide