Perfilak ala heldutasuna?

Erabiltzailearen aurpegia Igor Salazar 2016ko urr. 19a, 17:43

"Alderdi sozialistak eskubidea du eztabaida hau plazaratzeko inor mindu edo irainduko duela kezkatu gabe"

 

 Errespetu osoz baina fintasun gutxiz agian, ez oso modu trebean ziur aski, alderdi sozialistak kanpaina honetan administrazioan sartzeko hizkuntza profilen eskakizunaren inguruan eztabaida proposatu nahi izan du. Bideo madarikatuak alderdi abertzaleen biktimismo neurrigabea eta beste zenbaiten postureo euskaltzale artifiziala eragin ditu, proposamena bera aztertzeko eta eztabaidatzeko aukerak guztiz zapuztuz. Baina mezua transmititzeko aukeratutako modua ezegokia izan zela onartuta, gaurkoan alderdi sozialistaren proposamena azaltzen saiatuko naiz. 

Hauteskunde programaren laugarren blokean, alderdi sozialistak euskera bultzatzeko eskaintzen dituen neurriak azaltzen ditu. Hiritar guztiek bere hizkuntzan hitz egiteko eskubidea aitortuta, eta Euskararen Normalizaziorako itunen aitzindari izateak ematen dion autoritatearekin, bere izaera politikoa azaltzen duen printzipio funtsezkoena den aukera-berdintasuna aldarrikatzen du etorkizunean egingo diren deialdietarako exijituko diren profilak ezartzerakoan.

Proposamena euskal gizartean azken hamarkadetan ematen den egoera bati konponbidea ematera dator: nork ez du ezagutzen, bere lagunen artean, lanpostu publiko batera hautatzeko betekizun guztiak gaindituz, euskara agiria ez duelako aukerarik gabe gelditu den norbait? Nork ez du senideren bat, lanpostu finkorik gabe urteak eta urteak administrazioan eman dituena eta nahiz eta ahalegindu euskara agiria lortu ez duena? 

Alderdi abertzaleentzako, antza, bizilagun horiek ezezagunak dira. Hiritar ezezagunak hoberenean; euskaldun txarrak eta alferrontziak, txarrenean. Egun, euskal administrazioan jarduten duten langileen %56k euskara gaitasun agiriren bat egiaztatzen du. Datozen urteetan euskal administrazioak 9.000 bat langile ordezkatu behar izango ditu erretiroak direla eta. Alderdi abertzaleek eta Podemosek baieztapen hau ezeztatzen dute, batzuek besteek baino konbikzio handiagorekin (agian azkenengo hauek euren hautesleen artean hiritar ezezagun horietakoren bat badagoela susmatzen dutelako?).

Andoni Unzalu jaunak argitaratutako azken hausnarketetan oso datu esanguratsuak eskaintzen ditu azkeneko deialdi publikoetan eman diren emaitzen inguruan: adibidez, nola Osakidetzako azken EEP-an euskara ziurtagiriren bat zutenen %36ak postu guztien %92a lortu zuela, edota nola goi mailako postu publikoetara hautatzea ezinezkoa suertatzen den euskara maila altu bat akreditatzen ez duen langile batentzat.

Alderdi sozialistak eskubidea du eztabaida hau plazaratzeko inor mindu edo irainduko duela kezkatu gabe. Eta neurri argiak aurkeztu ditu gainera, hots, administrazioko lanpostuen berrikusketa egitea, horietan euskara profila lehentasunekoa den eta zeintzuetarako ez zehaztu dadin, pertsonalaren selekzio bidezkoago bat lortu dezagun, hiritar ezezagun horiek ere aukera izan dezaten lanpostu publikora hautatzeko. Edota 45 urtetik gorakoek euskara agiria aurkezteaz salbuestea, beti ere mapa soziolinguistikoari eta postuaren eskakizunei atendituz.

Posible da, dudarik gabe, euskararen erabilera sustatzea, hiritarrek administrazioarekin erlazioak askatasunez hautatutako hizkuntzan burutzeko aukera bermatzea, eta aldi berean hiritar guztiok, elebidun zein elebakar, administrazio publikora sartzeko aukera parekotasuna bermatzea.

Datorren legealdia oso garrantzitsua izango da euskal gizarteak gainditu behar dituen hainbat erronka nola burutzen dituen erabakitzeko: ekonomiaren indartzea, egitura industrialaren berpiztea, gizarte-zerbitzuak bermatzea, bizikidetzarako zoru-etiko famatua adostea, besteak beste. Eta erabakigarria izango da, baita ere, administrazioaren berrikuntza prozesu hori nola burutuko den adosteko.

 Euskal gizartearen heldutasunaz asko hitz egin eta hausnartu da azken urte hauetan.  Aipatutako gai guzti horien inguruan eztabaida zintzoak eman dira Parlamentuan eta hedabideetan, bai kanpainan bai eta azken legealdian zehar ere.

 Nire auzokideen aurrean exijitzen dut hizkuntza politikaren gainean Baztarrika jaunak EH-Bildu-ren laguntzaz azken urteetan aurrera eramandako politikak zalantzan jartzeko eskubidea, honengatik “euskararen etsai” edo “euskararen traidore” bezalako irainak jasan behar izan gabe.

Heldutasun kontua baino ez da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago