Azkena rock jaialdiaren azken oihartzunak oraindik gure belarrietan, beltzez jantzitako kanpotarrak poliki-poliki desagertu dira. Hiru egunez hiriko erdialdean eta alde zaharrean zehar tximaia luze batzuk, egia esan, nahiko gutxi, haietatik gehien-gehienak ile urdinez beteak, buru askotan soilguneak nagusi, ordea. Soinean, ohiko beltzaren gainean aspaldian musika egiteari utzitako taldeen izenak errepikatzen dira. Ez dut karikaturan ozpinik bota nahi, Gorka Urbizuk duela hamar urte baino gehiago esan zuen bezala, rock-a hilda dago eta ez da sen onekoa hildakoei trufa egitea, nahiz eta hainbat zerraldok batzuetan –festibaletan, gehienbat– bizirik ematen duten. Gainera, ni ere ez nintzen beste garai batean tribu horretatik hain urruti izan. Guretzat rock kultura musikaz harago bizitza ulertzeko modua zen, zeren eta musikari lotzen baikenizkion balio eta jarrera politiko zehatzak. Italo Calvinok idatzitako esaldi famatuari itzulia emanez, "Uste genuen oraindik gazteak ginela, baina osatu gabe geunden". Gaur egun, aldiz, aisia noizean behin kuadrillan ederki pasatzeko modua besterik ez da, eta ez da gutxi, nonbait, merkatu hobi xumea, baina oraindik emankorra, Gasteizko ostalaritzak dixit.
Aitzitik, azken azkeneroak oraindik etxera bueltatu gabe, berriak harritu gintuen: San Mameseko Mitoaroa-ren arrakasta itzelaren ostean, Pello Reparaz etxeko atea jotzen ari zen, Buesa Arenara ekarri nahi baitzuen Zetak proiektuaren ikuskizun berria. Euskal musikaren paradigma urte gutxitan erabat aldatu da eta Zetak aldaketa horren eragile zuzena da. Soinu elektronikoez jantzitako pop doinuekin, ikuskizunaren aldeko apustu sendoa eginez eta estetika berriak eta narratiba zaharrak (edo alderantziz) uztartuz, masa fenomeno ikaragarria sortzeko gai izan da. Horretan ere, nola ez, bestela ez ginateke euskal herritarrak izango, ohiko jai zapuztaileen purrustadekin batera.
Gaurkoak ez du zertan aurrekoa ukatu eta iraganak nekez aurre egingo dio etorkizunari. Nago berrikuntzekin gozatzen ikastea ere badela zahartzeko modu osasuntsua. Azkena, azkenean. Iturriari badario ura etengabe, badoa tanta asko, badatoz beste batzuk, den-denak ur jario berean. Garrantzitsuena da iturburua sekula ez lehortzea. Gero arte.
Hasier Arraiz.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.