Iritzia

Zaballa

Erabiltzailearen aurpegia Hasier Arraiz 2025ko mar. 23a, 10:00

Argazkia: ALEA

"Espetxean inoiz egon den orok badaki hara gaizki sartuz gero ondo ateratzea ia ezinezkoa dela"

Behin espetxean izan nintzen. Nire espetxeko esperientzia laburra izan zen, bi urte eta sei hilabetekoa, hain zuzen, segur aski horregatik esan dezaket esperientzia aberasgarria izan zela, Euskal Herritik urruti egon arren baldintza duinetan izan nindutelako. Espetxeak zer ikasi asko eman zidan eta batez ere ez nuen espetxearen gogorrena neure baitan nozitzeko astirik izan. Kartzela nolakoa den eta nola funtzionatzen duen ezagutzeko espetxealdia bizi izan nuen, ez gehiago, ezta gutxiago ere. Barruan jende asko ere ezagutu nuen eta kanpoan bezala, badago espetxean denetarik, jende interesgarria, jende aspergarria, jende zintzoa, jende gaiztoa, jende argia, jende harroa, jende jakintsua, jende tentela, hots, kalean bezalaxe. Baina bertakoek jakinarazi zidaten bezala, espetxean badaude batik bat bi jende mota: kanpoan norbait bere zain daukana eta inor ez daukan jendea.

Gainera, berehala ohartu nintzen espetxeak drogenganako menpekotasunak eta buruko gaixotasunak dauzkaten pertsonez beteta daudela. Espetxean baino beste leku batzuetan egon beharreko pertsonez beteta, hain zuzen ere. Gizartean nahi ez ditugun pertsona guztiak hara eramaten ditugu, besteongandik ahalik eta urrutien edukitzeko, gizartera berriro itzultzeko baldintzetan inoiz egon daitezen batere kezkatu gabe. Espetxean inoiz egon den pertsona orok badaki hara gaizki sartuz gero ondo ateratzea ia ezinezkoa dela. Litekeena da are gaizkiago ateratzea edo atera bezain laster hara itzuliko den jende mota bilakatzea, espetxea gizakiak hausteko tresneria sofistikatua baita.

Joan den astean Zaballa espetxean pertsona bat hil zen. Beste bat. Gasteiztarra omen zen, 35 urtekoa. Ez dakigu bere izena ere. Tratamendu psikiatrikoan omen zegoen, agian suizidioen aurkako protokoloa aplikatuta. Inork ez daki zer gertatu zitzaion, baina garrantzitsuena da inori ez zaiola inporta, guri ere ez zaigula axola. Azken batean, han dauzkagu inori axola ez izateko zer gertatzen zaien.

Hasier Arraiz.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago