2022ko otsailean itxi da Talka espazio feministaren kontra irekita zegoen azken prozesu judiziala, Fiskaltzarekin akordio batera iritsita, kolektiboak ohar bidez jakinarazi duenez. 2019ko Talka zaharreko desalojoaren harira atxilotu eta auzipetutako bi kideren aurkakoa zen prozesua: bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zion bati fiskaltzak, autoritateari "desobedientzia larria" egitea egotzita; besteari, aldiz, lau urteko espetxealdia, "objektu arriskutsu batekin autoritateari atentatua" egiteaz akusatuta.
Hiru urtez luzatu da prozesu judiziala. Azkenean, kolektiboak akordio bat onartu du, espetxeratzeak saihesteko: "Otsailaren 14an ospatzekoa zen epaiketa akordio batekin ekidin dugu, Fiskaltzaren proposamena onartzera behartuta ikusiz kolektiboa, espetxeratzea saihestearen helburu nagusiarekin". Auzipetuetako batek zazpi hilabeteko espetxe zigorra eta eguneroko sei euroko isuna onartu behar izan du; besteak urtebeteko espetxe zigorra.
"Errepresioa"
Ohar berean, Talkak bere ibilbidean beste hiru prozesu judizial ere izan dituela gogorarazi dute, eta guztira bederatzi pertsona auzipetu. Areago, sei atxilotu izan dira Talkaren jardunarekin lotuta, 24 pertsonari jarri dizkiete isunak, eta 40tik gora identifikatu. Errepresio ekonomikoa ere gogorra izan da, 5.000 euroko isunetan.
Errepresioa salatzeaz gain, antolakuntza feministarako eta okupazioaren aldeko hautua berretsi dute oharrean: "Aukeratutako bide hau luzea eta gorabeheratsua bada ere, beharrezkoa izaten jarraitzen du oraindik ere. Segi dezagun feminismoan antolatzen, auzoan bizitzen eta jabetza pribatua okupazioaren bitartez borrokatzen".
???? TALKAREN KONTRAKO ERREPRESIOAREN HARIRA ⬇️
— Talka (@TalkaGasteiz) February 20, 2022
Argi dago oraindik ere jabetza pribatuaren babesean espazio hutsak defendatzen dituztenen makinaria guztia oso indartsu dagoela eta gure auzoan bizitzeko modua epaitu eta zigortzen dutela aldioro. pic.twitter.com/lDr3gTgxf2