Larunbat arratsaldean, Gasteizen manifestazioa egin zuen pentsiodunen mugimenduak, Eskubide Sozialen Kartaren eta gehiengo sindikalaren babesarekin. Ehunka pertsonak bat egin zuten Artiumetik abiatutako mobilizazioan, pentsioen murrizketei eta pribatizazioari ezetz esateko. Hiru urte daramatza borrokan Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak, eta azken mobilizazio hau momentu erabakigarri batean dator, Espainiako Gizarte Segurantzako ministroak, Jose Luis Escrivak, adierazi berri duelako datozen egunetan eman dezaketela akordioaren berri.
Pentsiodunek aldarrikatu dute 2011 eta 2013ko pentsioen erreformetan eta 2010 eta 2012ko lan erreformetan egindako murrizketak bertan behera uztea, eta jadanik iragarrita dauden murrizketa berriei uko egiteko eskatu dute. Pribatizazioari ateak ixteko pentsio sistema publikoa indartzeko beharra aldarrikatu dute. Bizi baldintza duinak bermatuko dituzten gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan ezartzeko eta 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko eskaera ere helarazi diote gobernuari.
Albiste hau HALA BEDIk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.