Martxoaren 18an aurkeztu zuten Lehertu Gasteiz okupazioaren aldeko dinamika GPSk, Gasteizko Gaztetxeak, Talkak, Errekaleorrek, Auzolana Pilotalekuak eta SUmendik, hiria zenbaki eta ekuazioz josi ondoren.
Gasteizen etxebizitzarekin dagoen arazoa mahaigaineratu nahi izan dute dinamika horren bitartez: "15.367 etxebizitza daude Gasteizen, horietako 9.470 hutsik eta beste 2.200 salgai, edo beste modu batean esanda, hamar etxebizitzatik bat hutsik dago. Gasteizen 255.052 pertsona inguru bizi dira eta momentu honetan 115.367 etxebizitza daude hirian. Horrek esan nahi du bi pertsonentzako etxebizitza bat dagoela".
Egoera salatzeko, maiatzaren 15ean laranja koloreak hartu du Gasteiz. Hiriko hiru txokotatik abiatutako zutabeak elkartu dira Andre Maria Zuriaren plazan, bertatik hasi baita manifestazioa, Florida parkeraino. Asko izan dira protestara batutako eragile eta kolektiboak: mugimendu feminista, gazte mugimendua, presoen aldeko mugimendua, Arabako Mendiak Aske, LGTBI+ mugimendua... Beraz, aldarri anitzek jantzi dute mobilizazioa.
Albiste hau HALA BEDIk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko argazki galeria hemen duzu ikusgai, eta bideoa beste lotura honetan.