50 urte betetzen dira New Yorkeko Village auzoan izandako Stonewall istiluetatik. 1969ko ekainaren 28an, Polizia Stonewall Inn tabernan agertu zen ohikoak ziren sarekada trabestiak, maritxuak eta bollerak egiteko eta hauek adreiluekin erantzun zieten. Hamar urte geroago, Euskal Herrian, Oreretan, polizia batek Francis Vadillo trabestia hil zuen tiroz. Biak ala biak, egun ezagutzen dugun Transbollomaribi egunari bultzada eman zioten.
Egun hauek gogoratuko dituzte ostiral honetan Gasteizko E28 Koordinadorak antolatutako mobilizazioetan. Izan ere, koordinadorak azpimarratu duenez, gertaera horien ondorioz Gasteizko transak, bollerak eta marikak kalera atera ziren lehenengo aldiz. Hurrengo urteetan, berriz, Arriskugarritasunaren Legearen aplikazioa dela eta, marika eta trans ezberdinek espetxea ezagutu behar izan zuten.
Gaztelesbos, ALA edo 7menos20 eragileei esker eta bollerak lehen lerroan zeudela, Transbollomaribi mugimenduak indarra hartu zuen. "Hamarkadetan zehar egurra eman ziguten kapitalismoa gure existentziaz ohartu zen arte. Orain, gure borrokak irentsi eta negozio bihurtu nahi dituzte".
Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko elkarrizketa eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.