Gasteizko ikastetxe publikoen ia erdia "ghetto zentroak" dira. Hori da Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataformak jakitera eman dituen datuetatik atera dezakegun titularretako bat. Baina ez da bakarra. Ikasturtea amaitzeko egun gutxi falta direnean agerraldia eskaini dute aurtengo matrikulazioaren datuak emateko -orain arte kaleratu ez diren datuak-, eta gaur egungo eskola segregazioaren egoera salatu nahi izan dute horrela. Datu "latzak" eta dagoen borondate politiko "eskasa" salatu dituzte modu horretan.
Hirian dauden 32 ikastetxe publikoetatik 22k gutxienez guraso atzerritar bat duten ikasleen %30a baino kontzentrazioa handiagoa dute. Hirutik bik. 15 ikastetxe publikok, ikastetxe publiko guztien ia erdiak gutxienez guraso atzerritar bat duten ikasleen %50etik gorako kontzentrazioak dituzte; eta gainera, hauetako gehienak D eredukoak dira. Hamar ikastetxe publiko daude %70etik gorako kontzentrazioarekin, hau da, hiriko ikastetxe publikoen ia herena.
Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.