Gasteizko gidariek elkarrizketa horretan azaldutako hainbat bizipen jaso eta laburbildu ditu ALEAk.
Zer funtzio dute furgonetako gidariek Korrikan?
Gorka Elgoibar: Funtzioa lekukoa laguntzea da, Garestik Gasteizera; kolektibo eta pertsona guztiek lekukoa eramateko aukera izatea eta gozatzea, giroa alaitzea, jaia piztea… Hori da gutxi gorabehera. Lan gehiena korrika egiten duen jendeak egiten baitu, lekukoa hartzera animatu diren 2.560 pertsona.
Ane Aristi: Oztopoak eta ustekabeak saihestea da, baita ere, gure funtzioa; egia da Korrika oso antolatuta dagoela eta lan asko dagoela atzetik, baina aldi berean oso espontaneoa da eta kilometro bakoitza desberdina da.
Nola kudeatzen da Korrikaren ibilbidea?
A.A.: AEKk hogeita bat Korrika antolatu ditu, eta esperientzia luzea du, horrenbestez; gainera, egun, teknologiak asko laguntzen du. Bi ekiporekin egiten ditugu Gares eta Gasteiz arteko 2.560 kilometroak, baina guretzat ezinezkoa izango litzateke txoko eta errepide guztiak ezagutzea, beraz ezinbestekoa da aurretik ibilbidea zehaztuta izatea. Gainera, eskualdeetako arduradunen lana ere inportantea da, batik bat errepide txikietan.
G.E.: Bai. Teknologiak batzuetan huts egiten du, estaldurarik ez dagoen tokietan esate baterako, eta horregatik inportantea da pertsonen parte-hartzea, edozein ustekabe meteorologiko edo teknologiko izanez gero, alternatibak bilatzeko.
A.A.: Klimatologia bezalako faktoreak ezin dira kontrolatu. Korrikaren edizio batean, Ebro ibaiak gainezka egin zuen eta ezin zen bertatik pasatu. Hor behar duzu eskualdeko jendearen laguntza.
Nola antolatzen zarete? Zenbat lagun zaudete furgonetan?
G.E.: Bi talde gara, zortzi pertsonakoak, eta bi txanda egiten ditugu; batzuk furgonetarekin dauden bitartean besteek atseden hartzen dute. Dena den, Korrika gelditu gabe egiten denez, aldaketak martxan egin behar ditugu. Furgonetan hamalau orduko txandak ditugu, eta ordu horietan denetarik egiten dugu, ezin delako hamalau orduz gidatzen egon edo oihuka egon; beraz, lanak ere txandakatzen ditugu.
Txandak egingo dituzue ere furgonetan siesta egiteko, ezta?
A.A.: Ez da oso ohikoa, baina batzuetan gorputza ez dago ehuneko ehunean eta siestarik ez, baina atsedentxo bat hartu behar dugu. Korrika iraupen-lasterketa da, eta lekukoaren barruan doan mezua helmugara iritsi behar da.
Denbora inportantea da.
G.E.: Korrikan ohikoena da denbora kudeatzeko zailtasunei aurre egin behar izatea, atzerapenak daudenean estutu behar dituzulako korrikalariak edo aurreratzen garenean… Sarritan trukoak asmatu behar ditugu.
A.A.: Furgonetaren ekipoaren eginkizuna inportantea da horretan; denboraz larri ibiltzen garenean musika alaiagoa jartzen dugu korrikalariak bultzatzeko, adibidez.
Aukeratu ezazue Korrikan bizi izan dituzuen unerik hunkigarrienak.
A.A.: Korrika Gasteiztik pasatzen denean ikaragarria da; eta asko gustatzen zait ere Tafallan sartzen denean, furgoneta gabe sartzen delako, eta gertutik ikusten da lekukoa.
G.E.: Herri txikietan pertsona bat omentzen dutenean, adibidez, oso hunkigarria da; eta halaber, Korrikaren amaierak izugarriak dira. Iruñera eta Bilbora sartu naiz Korrikaren furgoneta gidatzen, eta bietan negarrez sartu naiz, erabat hunkituta, eta gogoratzen dut jendeak esaten zidala: "Animo mutiko, lasai, hartu bolantea".
A.A.: Barretik negarrera pasatzen zara, kilometroz kilometro.