Korrika Txikia ospatuko dute ostegunean Gasteizen

Erabiltzailearen aurpegia Hala Bedi 2019ko api. 10a, 12:17

Sebastian eta Miriam, San Martin ikastolan./ H. Bedi

Apirilaren 11n, ostegunean, Korrika Txikia ere Gasteiza iritsiko da, igandeko jaialdi handirako motorrak berotze aldera.

Azken kilometroa irakurriko duten bi ikasleek hartu dute hitza aurkezpenean, haiek irakurriko baitute azken mezua behin ibilbidea amaituta. Sebastian eta Miriam dira, San Martin ikastetxeko 3. mailako ikasleak.

“Jendea kontzientziatzea nahi dugu”, azaldu dute bi gazteek. “Nire familia osoaren laguntza izan dut”, esan du Miriamek. “Fase ezberdinak izan ditugu lekukoa eramateko eta pozik nago guztiak gainditu ditudalako”, aipatu du Sebastianek. Izan ere, San Martin ikastetxeak hartuko du ostegunean azken lekukoa, baina 32  ikastetxe ezberdinek hartuko dute parte Korrika Txikian. Haietako batzuk berriak dira.

Ikastetxe ezberdinetako txikienek eskuz-esku pasako diote elkarri lekukoa 15:00etan Zabalgana hiribidearen sarreran (Antoniaren errotondan) hasiko eta 16:30ak inguru Plaza Berrian amaituko den lasterketan. Horren aurretik, nahiz eta hiriburuko auzo guztietatik ez pasa, Txagorritxu, Lakua, El Pilar, Aranbizkarra… zeharkatuko ditu Korrika Txikiak.

Behin lasterketa amaitu, jaialditxo bat egingo dute Plaza Berrian, DJ ezberdinekin lagunduta. AEK-k, bide batez, eskerrak eman dizkie ikastola ezberdinei, gurasoei eta irakasle guztiei: “Izugarrizko lana egiten dute”. 

Eta, aurreratu dutenez, baliteke formatu honetan ezaguna den Korrika Txikiaren azken edizioa izatea: “Auzoka antolatzeko ideia aztertzen gabiltza”.

 

Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago