Birjabetze kolektiboa sortu dute "lapurtu diguten guztia berreskuratzeko"

Erabiltzailearen aurpegia Araba Hizpide 2018ko abe. 5a, 07:00

Etxearen beharra dutenei elkarrekin lan egiteko deia egin die Birjabetzek. ALEA

Okupazio Bulegoaren proiektua aurkeztu dute, etxebizitza beharrari elkarrekin erantzuteko.

Birjabetze izeneko kolektiboa sortu da Gasteizen; kapitalarekiko menpekotasunari modu kolektiboan erantzuteko asmoarekin. Birjabetzea aipatzen dute, "lapurtu diguten guztia berreskuratzeko helburua dugulako", eta kolektiboa da, antolatuta daudelako, eta "edozein alternatiba indibidualistaren aurrean, elkartasuna gure praktikaren erdigunean kokatzen dugulako".

Harremanak izateko forma berriak garatu ahal izateko baldintzak sortzea dute helburu, "kapitalaren dominazioa suntsitu eta gainditzeko asmoarekin". Jabetza kolektiboaren aldeko apustua egiten dute, eta inguru militantetik kanpoko jendearengana hurbiltzeko beharra azpimarratu dute. Bere helburuek asistentzialismoan erortzeko daukaten arriskuaz jakitun, ahalduntze kolektiboa sustatuko dute. "Instituzioen hutsuneak betetzea ez da gure eginkizuna, ezta eskubide soilen aldarrikapena egitea ere; gure egitekoa, beraz, bizitzaren sostengurako behar ditugun elementuak auto-antolakuntzaren eta autogestioaren bitartez bermatzea da".

Elkartasun sare hau garatzen hasteko lehen pausoak Okupazio Bulegoaren bidez emango dituztela jakinarazi dute. Jabetza pribatuaren birjabetze kolektiborako, jakintza tekniko eta juridikoak partekatu eta elkartasun ekonomiko-materialetik abiatuko dira. Hala, babesa eskaini diete etxe baten beharra kolektiboki landu nahi duten guztiei.

Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago