Dena prest dago Garaion Sorgingunean bigarren Gazte Udaleku Feministei ekiteko. Egitarauari azken ikutuak eman eta gunea aste guztian zehar egin bezala txukuntzen duten bitartean, haiekin egon da Hala Bedi, azken xehetasunak jaso nahian. Bihar hasi eta igandean amaituko dira jardunaldiak
Ehun lagun baino gehiago bilduko dira Ozetan, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik datozen neska* gazteak denak. Aurreko urtearekin alderatuta, beraz, lagun gehiagok eman dute izena.
Garaion Sorgingunea hautatu dute berriz ere, "naturaren erdialdean dagoelako, kanpo interferentziarik gabe". Horretaz gain, beste faktore batzuk bilatu dituzte "leku magiko" honetan: "Bakoitzak bere buruarekin eta gero denok batera konektatzeko aukera ematen digu guneak eta espazio seguru batean gaude". Horretaz gain, adierazi dutenez, "tokiak aukerak ematen ditu egitarau anitza osatzeko eta Garaioneko Sorgingunea proiektua bera elikatzen jarraitzeko".
Bigarren aldiz ospatuko dituzte Gazte Udaleku Feministak. Gazteraiki topaketetan atera zen ideia, eta lehen edizioko arrakasta ikusita, bigarren aldiz egitea erabaki dute. "Feminismoaren ildoan dauden gai ezberdinak elkarbanatzeko aukera ematen digute udalekuek".
Euskara hutsean izango dira udalekuak: "Zalantzan jarri ez dugun zeozer da. Euskal Herriko gazte mugimendua eta feminismoa Euskal Herrian euskaraz ulertzen dugu". Halaber, azpimarratu dutenez, "ez dago inolako autoritaterik. Guztiek daukate aukera euren ideiak ekartzeko eta guztien artean elkarbanatzeko. Hala ere, egitarau minimo bat dago".
Gainera, gogo edo beharren arabera ekintza ezberdinak proposatzeko aukera dute parte hartzaile guztiek. "Gu geu ere gure problematiken eta beharren arabera antolatzeko eta borroka tresnak sortzeko hautua egiten dugu". Horretarako, udaleku formatuak giro aproposa sortzen duela uste dute.