Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak konponbideak exigituko dizkio Aldundiari

Erabiltzailearen aurpegia Hala Bedi 2018ko ots. 21a, 13:00

Martxoaren 21ean manifestazioa egingo dute. Aldundiak "pertsona bakoitzak nola bizi nahi duen eskubidea urratzen duela" salatu dute.

Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak gogor egin du Arabako Aldundiaren aurka. Salatu duenez, "pertsona bakoitzak nola bizi nahi duen eskubidea urratzen du, autonomia bultzatzen ez duten gizarte-politikak garatuz".

Izan ere, Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoaren bidez jasotzen den diru-kopurua hilean 798€tan kokatzen da, gehienez. Gainera, aniztasun funtzionala duten pertsonak menpekotasunik gabe bizi behar direla gogoratu du plataformak, komunitate barruan sartzea ahalbidetuz.

Arabako datuak, Bizkaikoekin edo Gipuzkoakoekin alderatuta, latzak dira. Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoen bidez gizarte-zerbitzuen pribatizazioak nabarmen egin du gora. Araban, 1.000 ZLPE baino gehiago daude, diru publikoa esku pribatuen esku utziz; Bizkaian, aldiz, 300 bat eta Gipuzkoan 200.

Hori gutxi balitz, etxez etxeko laguntza zerbitzuak murrizketak pairatu ditu, "pertsonen beharrak asetzea ezinezkoa bihurtuz".

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak eskuhartze sozialeko II. Hitzarmen kolektiboan egin zuen azpikontratazioa oinarritzat hartuta, gizarte-zerbitzuen sare publiko osoaren azpikontratazioa, prekarizazioa eta injerentzia gaitzetsi dute.

Aipatutako lan hauetako asko emakumeek egiten dituztela aipatu dute, zaintza lanetan batez ere.

Konponbiderako mobilizazioa

Honen aurrean, konponbidea eskatzeko manifestazioa egingo dute martxoaren 21ean, asteazkenean, Gasteizen. Konponbidea posible dela uste dutelako Eskubide Sozialen Aldeko Plataformako kideek.

Honen aurrean, Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoa handitzea ezinbestekoa ikusten dute, zaintza profesionala lehenestearekin batera. "Profesionalak ez direnen egiten dituzten zaintza lanek, historikoki eta gaur egun ere, emakumeek egindako lanaren ikusezintasuna areagotzen dute".

ZLPE guztiei ematen dieten lehentasuna ezabatzea ere eskatuko dute, hau jasotzen duten pretsonen kopurua murriztuz. Gainera, arazo hauei aurre egiteko, 20/1997 legea zerbitzu publikoetan betetzea exigituko dute 19:00etan Andra Maria Zuriaren plazatik abiatuko den manifestazioan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago