Urtarrilaren 23an Zabalganeko familia bat kaleratzeko asmoa dauka Vitalquilerrek

Erabiltzailearen aurpegia Hala Bedi 2018ko urt. 20a, 06:00

Kaleratzea ez bada bertan behera gelditzen, elkarretaratzea egingo dute 10:30ean. 2017an Arabako 197 familia kaleratu zituzten.

Urtarrilaren 23a, asteartea. Vitalquilerrek Mawa, Mohamed eta euren lau seme-alabak kaleratu nahi ditu 11:00etan. Familiak ez du diru-laguntzarik jasotzen eta euren diru-iturri bakarra Mayaren 760€-ko soldata da. Mohamed, aldiz, gaixorik dago: depresioa dauka eta hala erakusten du Osakidetzako informe batek. Alokairua 525€-koa da: kontuek ez dute ematen.

Kaleratzeak Stop Arabak kaleratzea bertan behera uzteko eskaera aurkeztu du. Kaleratzea ez bada bertan behera gelditzen, elkarretaratzea egingo dute 10:30ean Reina Sofia 104 kalean, Zabalganeko auzoan bertan. 

Vitalquilerrek familia salatu zuen, 2016ko uztailean 2.603€-ko zorra izateagatik. Lehenengo kaleratze saiakera bertan behera gelditu zen, eta 'abisu' horren ostean familia zorra ordaintzen hasi zen, gutxinaka-gutxinaka.

Inmobiliaria ez zuen familiak eskatutako luzapena onartu eta kaleratze prozesua martxan jarri zuen berriz. Arrazoietako bat, banketxeen babesik ez zutela zen, alegia, ez zutela banketxe bakar baten abala jasoko. 

Kaleratzeak Stop Arabak gogor egin du Gasteizko Udalaren aurka, "zerbitzu sozialek familia honen egoera oso ondo ezagutzen dutelako". Udalak eskaintzen dien alternatiba bakarra Aterpera joatea da. "Zergatik ez dizkiete Gasteizko etxe hutsak familia hauei eskaintzen?", galdetu du elkarteak.

2017an Araban 197 familia kaleratu zituzten, 2016an baino gehiago. Soldata baxuak eta pobrezia dira arrazoi nagusiak, kaleratzeen aurkako elkarteak salatu zuenez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago