Gasteizko Gaztetxeak 30 urte ospatuko ditu aurten

Erabiltzailearen aurpegia Hala Bedi 2018ko urt. 18a, 14:08

30 urteak ospatzeko egitaraua aurkeztu dute Gasteizko Gaztetxean. Irudia; Erlantz Anda

Urtarriletik uztailera bitartean, Herri Mugimenduko eragile ezberdinen parte hartzearekin, borroka ezberdinak landuko dituzte eta urriaren 6an OkupaTU Gasteiz egunean parte hartzeko deia egin dute.

Herri Mugimenduko eragile ezberdinen babesarekin eskainitako prentsaurreko batean, Gasteizko Gaztetxeak 30.urteurrena aurkeztu du. Gaztetxearen jaiotza gogoratu dute, 1988.urteko apirilaren 28an gazte batzuek apezpikuarena zen kotxeraren ateari ostikoa emanez eraikina okupatu zutenetik.

"Gaztetxeak Alde Zaharra maite du. Jaio zenetik, ez dio inoiz utzi hazi, hezi eta eraldatzeari", adierazi dute belaunaldi ezberdinetako Gaztetxeko bi kidek. Okupazioa, autogestioa eta asanblada oinarritzat mantentzen ditu muinoko etxeak, hilero eskaintza kulturala, aldarrikapenak, desobedientzia, euskararen aldeko lanak… eramanez aurrera. Eta hala jarraitzeko asmoa dute.

Salaketarako tartea ere egon da. "Espekulazioa okupazioaren bidez salatu" eta etxebizitza eskubidea aldarrikatu dute. "Gorbatadun batek baino gehiagok poltsikoak bapo betetzen ditu familien ametsak zapuztuz eta kale gorrian utziz". Horregatik, borrokan dauden Santo Domingoko bizilagunak izan dituzte gogoan: "Kalea bizirik nahi dugu".

"Sistemak ezarritako autoritarismoa irauli, eta erabakiak denon artean hartzearen aldeko apustua egin genuen", azpimarratu dute. Honen aurrean, akatsetatik ikasi dute muinoko etxean, "inkoherentzien barruan ahal dugun bezain koherente izanik".

Urteurren bateratua

Aurreko asteetan iragarri bezala, Gaztetxeak, Hala Bedik, Auzolana Pilotalekuak eta Errekaleor Bizirik! proiektuek urteurren bateratua eramango dute aurrera. Bihurri eta harro, súbete al carro lelopean, OkupaTu Gasteiz dinamikak ekimen ezberdinak burutuko ditu 2018.urtean eta urriaren 6an OkupaTU Gasteiz eguna ospatuko dute Arabako hiriburuan.

Borroka ezberdinak uztailera arte

Urtarrilean zehar, programazio ekologista jarriko dute martxan gaztetxeroek Berriztu, Zero Zabor, BioNekazaritza eta Italiatik etorritako antiespezista batzuekin batera. Horretaz gain, otsailean Gazte Mugimenduak hartuko du protagonismoa, martxoan feminismoak, apirilean okupazioa eta autogestioa lantzen duten eragileek, maiatzean preso eta iheslariek, ekainean Alde Zaharreko eragileek eta uztailean internazionalismoak. 

Lehenengo asteko egitarauaren berri ematearekin batera, urtarrilaren 20an Ekaitz In Da House jaialdia ospatuko dute. Gasteizko preso gaztetxeroak sei urte bete ditu espetxean, eta 2020an aterako da kartzelatik.

  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago