Zazpi arabar epaituko dituzte Madrilen, herri harresia irudikatzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Hala Bedi 2018ko urt. 9a, 09:39

Bost hilabeteko espetxe zigorra eskatzen dute bakoitzarentzat, 2015eko epaiketa batean, publiko gisa, herri harresia irudikatzeagatik eta gazte auziperatuei babesa emateagatik. Gaur hasiko da epaiketa.

2013. urtea zen. Sortu berri zen Ernai Gazte Antolakundeak Gazte Danbada antolatu zuen Urduñan. Ekitaldi nagusiaren egunean, Xabier Lopez Peña preso politikoa espetxean hil izana salatu zuten. Hala azaldu zuen Ernaik: "Frantziak eta Espainiak presoei ezarritako salbuespenezko neurriak salatu genituen bertan bildu ginen gazte guztiok".

Fiskaltzak eta AVT elkarteak, terrorismoari gorazarre egitea leporatuta, bina urteko kartzela zigorra eskatu zuten Ernaiko sei kiderentzat, tartean, Aitor Anda gasteiztarrarentzat. Zazpigarren kidearentzat eta Iraitz Salegi eta Periko Solabarriarentzat urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuten. Azkenean, ordea, Periko Solabarriaren aurkako karguak epaiketa hasi aurretik kendu zituzten.

Epaiketa egunaren aurretik, Gasteizko Herri Harresian hiru gazte independentista espetxeratu zituzten. Espetxeratze hauek eta gazteriaren kriminalizazioa salatzeko, epaiketa egunean bertan, Aitor Anda eta beste zazpi kidek epaiketa eten zuten, espetxeratuen argazkiak soinean zituztela.

Gazteek, publikoaren babesa izan zuten eta Angela Murillo epailearen aginduz, hurbildutako guztiak identifikatu zituzten. Guztira, 50 lagun -gazteak, lagunak, senideak…-, haietako zazpi arabarrak.

Orain, hiru urteren ostean, 50ak epaituko dituzte Madrilen -Alcala de Henareseko epaitegietan, ez Audientzia Nazionalean. Urtarrilaren 9an hasiko da epaiketa eta 15ean amaitzea espero dute. Gazte bakoitzari bost hilabeteko espetxe zigorra eskatzen diote.

Epaiketaren gastuei aurre egiteko, dinamikaren puntualen bat jarriko dute martxan Arabako gazte auziperatuek, baina aurrerago zehaztuko dituzte hauek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago