Iragarri bezala, abenduaren 14an inauguratu behar zuten Gasteizko Korre 127 bloke okupatua. Ekitaldi sorpresa bat zuten bizilagunek eraikinean prest, merienda eta hainbat kolektiboen edo norbanakoen agerraldiekin batera.
Baina inaugurazioaren orduan, Udaltzaingoa agertu da bloke azpira, desalojo aginduarekin. Ensanche 21 elkarteak, ate irekien berri izaterakoan, salaketa jarri du aste honetan Gasteizko epaitegietan. Epaileak, orduan, "arriskua" aitzaki, blokea behin-behinean desalojatzeko agindua eman du. Gazteei eraikinetik jaisteko esan diete poliziek, baina hauek ezetz esan dute. Agindua ikusi ostean, bloketik atera dira: 24 ordu baino gutxiago dituzte objektu guztiak ateratzeko.
Orduek aurrera egin ahala, gero eta gazte gehiago hurbildu dira bloke okupatuko bizilagunei babesa ematera. Poliziei dagokienez, Udaltzaingoa egon da hasieran, baina 21:00ak aldera Ertzaintza agertu da. Gutxienez, zauritu bat dago -hatzamarra apurtu omen diote- eta poliziak gogor oldartu dira kaleko gazteen aurka. Borra bat ere hautsi dute gazte bat kolpatu dutenean.
Hilabeteetako lanak
Orain dela lau hilabete Gazte Emantzipaziorako Sarea (GES) kolektiboak Hedegile kaleko 127.blokea okupatu zuen. Abuztutik gaur egun arte, etxe honetako kideak lanean ibili dira etxea txukuntzen eta baldintza onetan jartzen.
Blokeak hamar urte zeramatzan hutsik. Izan ere, 2008. urtean, ARICH (Agencia de Revitalizacion Integral del Casco Historico) enpresa sortu eta etxebizitza honen tankerako blokeak kudeatzen hasi zen. Hala ere, nahaspila urbanistiko ugari sortu zituen enpresa honek, eta egun, zorrak kitatu gabe ditu oraindik.
Etxebizitza honen desjabetze prozesua ulertzeko luze jo behar dugu atzera. ARICH enpresak, tutoretzapeko apartamentu batzuk sortu nahi zituen, baina ez zen inolako mugimendurik egon. Ezarritako datak igarota, proiektu honen eskumena Ensanche 21en eskuetara igaro zen eta 2012. urtean, arrazoi ekonomikoengatik, kudeaketa bertan behera geratu zen.