“Garrantzitsua da emakumeok gizonezkoek okupatu izan dituzten postuak hartzen joatea”

Erabiltzailearen aurpegia Hala Bedi 2017ko abe. 11a, 16:54

Leire Zugazua sindikoa, Hala Bedi irratian / H. Bedi

Abenduaren 4az geroztik, Leire Zugazua da Gasteizko sindiko berria, Martin Gartziandiari lekukoa hartuta. Kargua sortu zenetik 15 urte igaro dira, eta Zugazua da lehen emakumea gasteiztarren lan horretan. 

2022ra arteko ardura hartu du Zugazuak eta, azken bost urteetan aholkulari juridikoa izan denez, eskarmentua baduela onartu du. Kargua arduraz eta ilusioz hartu duela adierazi digu sindiko berriak, eta bere lanaren egunerokoaren berri eman du Araba Hizpide saioan, udaltzainen arreta-greba eta Santo Domingo kaleko bizilagunen egoera tarteko.

Zer da Gasteizko sindikoa eta zein da bere eguneroko lana?

Gure lana, "nahiko erraza" da. Udalaren aurrean herritarren eskubideak defendatzea da gure helburua. Hala ere, horrek ez du esan nahi abokatu pribatuak garenik; erraztu egiten dugu hiritarren eta udalaren arteko harremana. Hau da, norbaitek arazoren bat baldin badu, gurera etor daiteke, zer gertatzen zaion azaldu eta guk, orientabidearen bidez, idazkien bidez edo Udalarekin hitz eginez, arazoa aztertuko genuke.

Udalari gomendioak egiteko eskumena duzue. Zeintzuk egin dituzue azken hamabost urteetan, eta zer neurri hartu dira kontuan?

Nik azken bost urteetakoak ezagutzen ditut batez ere. Gero Udalak kasu egitea edo ez, sailaren araberakoa da. Gerta daiteke lehen momentutik arrazoia ez ematea, baina, esaterako, bi urte pasa ondoren, jarreraz edo iritziz aldatzea. Orduan, onarpen tazitua egiten dute. Egin ditugun gomendioen artean daude, adibidez, ordenantza fiskaltzetan aldaketak, kopien tasa murriztea edo isunak.

Sindikoak udal politikak edo erabakiak aldatzeko gaitasunik izan dezake, neurri batean?

Uste dugu politika mailan ezin dugula eraginik izan. Oso ezberdinduta gaude politikariak eta sindikoak. Gainera, independentzia, objektibitatea eta neutraltasuna ezinbestekoak dira. Egia da herritarren ahotsa zabaltzen dugunak garela, eta eragin apur bat dugula nabaritu dugu. Gai batzuk sailean egiteke daude, baina zenbait kasuetan, sindikoak gomendioa egiten du, eta kontuan hartzen dira.

Hamabost urteko ibilbidea du Gasteizko sindikoaren figurak, eta lehen aldiz emakume bat dago postuan. Nola hartu duzu?

Oso pozik nago. Garrantzitsua iruditzen zait emakumeok normalean gizonek okupatzen dituzten postuak okupatzen joatea poliki-poliki. Azken finean, gizartearen isla da; leku guztietan gaude, baina ikusten diren postuetan ez hainbeste. Dena dela, eguneroko lanean ez dakit desberdintasunik nabarmenduko den; izan ere,  berdintasunaren perspektiba barneratuta izan dugu beti.

Entzun elkarrizketa osoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago