Indarkeria matxistaren aurkako amorru garraxi feminista

Erabiltzailearen aurpegia Hala Bedi 2017ko aza. 27a, 11:27

Azaroaren 25ean, Mugimendu Feminista kalera atera da beste behin ere indarkeria matxistaren aurka amorruz oihukatzeko. Gasteizko mobilizazio jendetsuan ekimen ezberdinak egon dira ibilbidean zehar Foru enparantzako ekitaldiaren aurretik.

Zure egia gurea eginez lelopean, Mugimendu Feministak elkarren aitortza egiten duela eta elkarri sinesten diola nabarmendu nahi izan du aurtengo deialdiarekin. "Erasoak gure egunerokoan" daudela ohartarazi dute: horren erakusle, azaroko datuak -hilabetea amaitu gabe bederatzi gizon atxilotu dituzte Gasteizen indarkeria matxistagatik. "Baina erasotzaileak askoz gehiago" direla ohartarazi zuten mobilizazioaren deialdian. Mobilizazioan zehar, tortura sexista, dibertsitate funtzionala, arrazismoa, indarkeria lesbofoboa… salatu dute ekimen ezberdinen bitartez.

Bertan ere, auzitegiak, poliziak, hedabideak… izan dituzte hizpide. Izan ere, horiek erasotzaileak babesten dituztela salatu dute: "Patriarkatuaren oinordekoak dira. Bortizkeria normaltasun osoz praktikatzen dute eta euren erasoak zigor gabe geratzen dira".

 "Guk elkar aitortzen dugu. Guk elkarri sinesten diogu. Gure hitzak balioa dauka". Zentzu horretan, emakumeen gorputzak "guda zelai" gisa definitu dituzte, sexu-genero kondizioagatik jasaten dutena. "Menderatuak, kontrolatuak, isilduak, esanekoak, errudunak, lotsatuak eta erailak nahi gaituzte. Gu, ordea, elkarrekin gaude. Gutako bat ukitzen badute, guztiok erantzuten dugu", ohartarazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago