"Autodefentsa, ahalduntzea eta salaketa feminista" aldarrikatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Hala Bedi 2017ko aza. 22a, 13:24

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da manifestazioa larunbatean. ALEA

Zure egia gurea eginez lelopean emakumeen hitzaren balioa aterako dute kalera Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean.

Azaroaren 25eko Gasteizko Koordinadora feministak larunbateko mobilizazioak aurkeztu ditu Arabako hiriburuan. Zure egia gurea eginez lelopean, mugimendu feministak elkarren aitortza egiten duela eta elkarri sinesten diola nabarmendu nahi izan du. 

Gogoratu dutenez, "erasoak gure egunerokoan" daude. Horretarako, datu ezberdinak jarri dituzte mahaiaren gainean: azaroan soilik -hilabetea amaitu gabe- bederatzi gizon atxilotu dituzte Gasteizen indarkeria matxistagarik, "baina erasotzaileak askoz gehiago dira".

Auzitegiak, poliziak, hedabideak… izan dituzte hizpide. Izan ere, horiek erasotzaileak babesten dituztela salatu dute: "Patriarkatuaren oinordekoak dira. Bortizkeria normaltasun osoz praktikatzen dute eta euren erasoak zigor gabe geratzen dira".

Emakumeen hitzak balioa duela nabarmendu nahi izan dute agerraldian: "Guk elkar aitortzen dugu. Guk elkarri sinesten diogu. Gure hitzak balioa dauka". Zentzu horretan, emakumeen gorputzak "guda zelai" gisa definitu dituzte, sexu-genero kondizioagatik jasaten dutena.

"Menderatuak, kontrolatuak, isilduak, esanekoak, errudunak, lotsatuak eta erailak nahi gaituzte. Gu, ordea, elkarrekin gaude. Gutako bat ukitzen badute, guztiok erantzuten dugu", ohartarazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago