Aurkezpen labur bat egin ostean, 2018. urtean Gasteizen herri kontsulta egiteko aukera jorratuko dute Judimendi gizarte etxean egin duten asanblada irekian. "Herri dinamika bat izanda, herriak erabaki behar du galdeketa egin edo ez", adierazi zioten Gure Esku Dago Gasteizko kideek Hala Bediri. Guztira, 50 lagun inguruk hartu dute parte.
28 lagunek herri galdeketarik ez egitearen alde bozkatu dute; 21 lagunek babestu dute herri kontsulta egitea. Adierazi zutenez, "proposamen guztiak kontutan hartuko ziren", eta horrela egin dute asanbladan.
Aiaraldean eta Zuian udaberrian
Hiru herri galdeketa egin dira orain arte Araban, hirurak Gorbeialdean: Aramaion, Legution eta Urkabustaizen. Aramaion, parte hartzeak %50a gainditu zuen. 2018. urteari dagokionez, udaberrian, Aiaraldean eta Zuian erabakitze eskubidea egingo dute herri galdeketaren bitartez.