Fournierreko langileek greba egingo dute urriaren 30ean eta 31n

Erabiltzailearen aurpegia Hala Bedi 2017ko urr. 25a, 12:07

Soldatan izoztuta dituzte 2012tik eta langile bat kaleratu dute azken asteetan. Egoera konpondu ezean, greba egun gehiago iragarri ditzakete langileek.

Naipes Heraclio Fournier enpresako langileek greba egingo dute, euren lan baldintzen egoera salatzeko. Urriaren 30ean eta 31n ekingo diote grebari. Lan baldintza orokorretaz gain, badaude beste bi arrazoi grebari ekiteko: langile baten kaleratzea eta soldatak bere horretan mantentzea.

Soldatak 2012tik dituzte izoztuta langileek. Hori dela eta, zuzendari industrialarekin duten erlazioa nahiko txarra da orain dela urte batzuetatik. "Arduradunetako bat aldatu zen arren, egoera ez da hobetu. Horren aurrean, biltzen hasi ginen; orain neurriak hartzeko ordua da", adierazi dio langileetako batek Hala Bediri.

Kaleratzearen zergatiei dagokionez, "diziplina arrazoiak" izan ziren. Baina langileek guztiz gezurtatu dute enpresaren azalpen hau.

Baina hori gutxi balitz, enpresa komitearen ustetan, "lehenengo kaleratzea da baina baliteke azkena ez izatea". Hori izan da arrazoi nagusietako bat grebari ekiteko: kaleratze gehiago ekiditzea. Are gehiago, egoera ez bada aldatzen, greba egun gehiago iragarri ditzakete langileek.

Twitter kontu batean ari dira euren mobilizazioen berri ematen: @Fournierborroka

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago