Errekaleorreko hamazazpi emakume auzipetu dituzte, eraso sexistak salatzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Hala Bedi 2017ko uzt. 18a, 12:16

Erasotzailearen erasoak etengabekoak izan direla salatu dute auzipetutako emakumeek. Elkarretaratzea deitu dute ostiralean, epaitegien parean.

Orain dela sei hilabete, Errekaleor auzoko emakume batek haren aurkako lehenengo erasoak salatu zituen. Errekaleorren burututako agerraldian argitu dutenez, hasiera batean, feministek auzia sozializatu zuten, Gasteizko, Lautadako eta Mendialdeako eragile feministekin batera. 

Orduan ohartu ziren, Errekaleorrekoa ez zela kasu isolatu bat: beste hiru kasu egon ziren. Ostean, emakume talde bat erasotzailearen etxe parera joan zen, kazerolada bat burutuz, "eraso berriak ekiditeko asmoz". Une horretan, aldiz, gizonak indar polizialak deitu zituen, "berriro ere emakumeak kriminalizatuz".  Amaitzeko, guztia bertan behera geratuko zela zirudienean, hamazazpi emakumeak eta erasotuetako bat judizialki salatu ditu erasotzaileak. Ostiralean deklaratu beharko dute Gasteizko epaitegietan.

"Etengabeko" erasoak

Auzipetutako emakumeek salatu dutenez, nahiz eta erasotzailea auzotik kanporatu, erasoak etengabekoak izan dira. "Erasotzaileak bere horretan jarraitzen du, biktima paperetik diskurtsoa zabaltzen", azaldu dute. Gainera, erasoak modu ezberdinetan eraman ditu honek aurrera: "Sare sozialen eta telefono deien bidezko etengabeko hurbilketak izan dira; irainak, mehatxuak …".

Elkarretaratzea

Uztailaren 21ean, ostiralean, elkarretaratzea deitu dute 10:30ean Gasteizko epaitegien parean; Herri mugimenduari kontzentratzioan parte hartzeko deia luzatu diote. Izan ere, argitu dutenez, "ez da kasu isolatu bat, eta erantzun kolektiboaren beharra du eraso honek".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago