Okupazioa "tresna erabilgarria" dela aldarrikatu dute okupazioaren aurkako epaiketan

Erabiltzailearen aurpegia Hala Bedi 2017ko uzt. 3a, 14:18

GESek deitutako elkarretaratzearen pankarta, epaitegien kanpoaldean./ Hala Bedi

Uztailaren 3ko bista bertan behera geratu da, Udaltzaingoa ez delako epaiketara aurkeztu. “Harro eta tinko” lanean jarraituko dutela aldarrikatu dute babesa adierazteko elkarretaratzean. 

Udaberrian Alde Zaharreko blokeak okupatu zituzten gazteen aurkako epaiketaren bigarren bista ez da egin gaur. Ekainaren 29an, Kutxi 92ko bi gazte epaitu zituzten; gaur, berriz, Pinto 20ko hiru gazte, baina Udaltzaingoa ez da epaiketara aurkeztu. Urriaren 16ra atzeratu du epaileak bista hau. Elkarretaratzea egin du Gazte Emantzipaziorako sareak (GES) epaitegien aurrean.

Elkarretaratzean azaldu dutenez, etxebizitza horiek gazteei zuzendutako etxebizitzak ziren, baina sei urtez hutsik egon zirenez eta “jendeak ez dituenez zuen zurikeriak sinisten”, hauek okupatzeari ekin zioten: “Badakigu etxeak ez direla zerutik eroriko”. Epaiaren xedea, GESen esanetan, “mugimendua kriminalizatzea eta beldurra sartzea besterik ez da”.

“Alternatibak eta aukera ezberdinak erabiltzen dituzte gazteen kontrako beste muntai bat eramateko aurrera, inguruan duten guztia merkantilizatu nahi ez duten gazteak baitira”. Utzita dauden etxe horiei bizi berri bat eman nahi izan diete gazteek, “lapurtutako hori herriari berriz ere bueltatzeko”. Izan ere, erabilera soziala izan behar zuten okupatutako bloke hauek.

Amaitzeko, “espekulazioaren eta burokrazia zikinaren aurrean gure baliabide preziatuena” erabiltzen jarraituko dutela aldarrikatu dute: okupazioa. Ezaguna den leloak esaten duen moduan, gazteek argi utzi dute “huste bat ematen badute, okupazio berri bat” eramango dutela aurrera. “Harro eta tinko” jarraituko du GESek lanean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago