Larriki gaixo dagoen Oier Gomez preso gasteiztarraren askatasunaren alde, Elkartasun Eguna burutu zuten larunbatean Gasteizen, OiertxoSOS plataformak deituta.
11:30ean CNTren egoitzan egindako hitzaldi batekin hasiera eman zioten egunari, eguerdian kontzentrazioa eta argazki mosaiko batekin jarraituz. Honen ostean, elkartasun bazkari jendetsua egin zuten Landatxo polikiroldegian. Egunari bukaera emateko, milaka pertsona bildu zituen manifestaldia abiatu zen Andre Maria Zuriaren plazatik Foru enparantzara. Bertan, ekitaldi hunkigarri batean, Oier Gomezen berehalako askatasuna aldarrikatu zuten eta, besteak beste, Oier beraren hitzak irakurri zituzten. Hementxe Hala Bedi irratiak egindako argazki-galeria.
Euroaginduen ebazpena
Datozen egunetan Oier Gomezen aldeko mobilizazioak jarraituko dute. Astelehenean, hilak 24, 19:00etan elkarretaratzea deitu du OiertxoSOS plataformak Andre Maria Zuriaren plazan. Ondoren, lan bilera egingo dute Auzokana pilotalekuan, 19:30ean. Izan ere, gaur bertan Oierren kondenaren etetearen inguruko ebazpena izango da.
Asteazkenerako, berriz, Oier Etxera gunea prestatu du plataformak, Urrezko Zeledoien plazan. Bertan, elkarretaratze iraunkorra izango da, 12:00etatik 20:00ak arte. 12:30etan elkarretaratzea egingo dute eta arratsaldeko 19:00etatik aurrera, euroaginduen ebazpenaren jarraipena egingo dute karpatik.